Ivan Conde (hildako militarraren semea)
"[Espainiako] Gobernuak gera dezala ETA, errurik gabeko biktima gehiago egon ez daitezen. Ez dugu ulertzen zergatik dauden halako gertaerak. ETAri esan nahi diot ez duela ezer lortuko, behin ere ez".
Miguel Angel Revilla (Kantabriako Gobernuko presidentea)
"EAJk ETA bukatu nahi duen dudarik ez daukat, baina egiten duena baino askoz gehiago egin dezake. ETAk sarraski handia egin nahi izan du Santoñan, prestatuta zegoen horretarako. Eskerrak bart hamar militar baino ez zeudela kuartelean. Larunbat gauean 300 zeuden".
Ramon Jauregi (PSOE)
"ETAk azkeneko su-etena hautsi zuenean bere azkeneko aukera galdu zuen, eta haren inguruan kontraesanak sortu dira. Presoek, iheslariek eta inguruko talde politikoek kontrako jarrera agertu diote ETAri, eta hemengo zuzendaritzak kritika horiek isilarazi egin nahi ditu agian, gaitasun terrorista daukala erakutsiz".
Miguel Sanz (Nafarroako Gobernuko lehendakaria)
"Euskal abertzaletasuneko alderdi demokratek azterketa sakona egin beharko lukete, ETA bukatzeko modu bakarra batasuna, poliziaren eraginkortasuna eta nazioarteko lankidetza baitira. Eta zera pentsatu beharko genuke: ETAk zergatik egin du Santoñakoa, ahul dagoelako edo indartsu dagoelako?".
Javier Caballero (Nafarroako Gobernua)
"Asteburuan atentatuak egin dutenek orain edo gero kartzelan bukatuko dute. Terrorismoaren aurka egiteko demokraten batasuna behar dugu. Gu, Nafarroan, erne gaude erasoak gerta ez daitezen, arriskua beti hor baitago".
EAJ
"ETAren ekintza horiek indarkeria jihadistatik gero eta hurbilago daude, metodoetan, itxuran eta helburuetan; haien xedea benetako sarraskiak eragitea da, eta gizartea astintzea, beldurtzea eta asaldatzea. ETAk inguratzen duen guztia galbideratu eta irendu egiten du, eta nortasun faltagatik ezker abertzale deitzen dugun hori gaur egun ideiarik gabe geratu da; antzuagoa dela, alegia. Ezker abertzalea ordezkatzen dutenei adierazi nahi diegu urrats bat egin dezatela aurrera behingoz, eta ETAren esku itotzaileetatik aska daitezela".
Rodolfo Ares (PSE-EE)
"Batasunaren eta irmotasun demokratikoaren ordua da, zuzenbide estatua delako bataila hau irabazi behar duena. Gizarteak mespretxu osoa agertu behar die honelako ekintzei, baita hauek justifikatzen dituztenei ere".
EA
"Giza eskubideen kontrako urraketa ez ezik, euskal gizartearen ahotsaren, hitzaren eta borondatearen aurkako atentatua da. Erabat gaitzesten dugu gaurko hilketa. ETAk egin behar duen gauza bakarra, geratzea da".
Javier Madrazo (EBko koordinatzaile nagusia)
"Ezker abertzaleak behin betiko bukatzeko exijitu behar dio ETAri. Indarkeria gaitzestea, giza eskubideak defenditzea eta bizikidetza pluralaren aldeko apustua egitea da euskal gizartearen gehiengoaren borondatea errespetatzea".
Aralar
"Santoñako atentatua gaitzesten dugu eta ETAk Euskal Herriari egin diezaiokeen ekarpenik onena armak uztea da, berehala eta baldintzarik gabe. Era honetako atentatuek ez diote inolako ekarpenik egiten herri honek bizi duen gatazkaren konponbideari, eta oztopo baino ez dira herri honetako gizarteak hainbeste aldiz eskatu duen bakea lortzeko. Giza eskubideak edozein gai politikoren gainetik daude".
Uxue Barkos (Nafarroa Bai)
"Nafarroako Parlamentuko gaitzespen agirian idazkera dela-eta abstenitu egin garen arren, gaur ere atentatua salatu beharrean gaude, beti egiten dugun moduan".
Mariano Raxoi (PP)
"Espainiako alderdi politiko denok eta gizarteak orpoz orpo lanean segituko dugu ETAren kontra. Hau garaitzeko, berekin ez negoziatzea eta polizia indarrei babesa ematea dira errezetak".
Antonio Basagoiti (EAEko PP)
"Denbora zeraman ETAk jendea hil nahian. Tamalez, Santoñako, Ondarroako eta Gasteizko lehergailuek ez duten euren etxeetan egin eztanda. Hartara, bakean utziko gintuzketen. Ibarretxe eta Jaurlaritza ez dira nahikoa egiten ari terrorismoaren aurka".
Gaspar Llamazares (IU)
"Indarkeria terroristak ez du inolako justifikaziorik. Gizartean dena konpon daiteke hitzaren eta botoaren bidez. Edozein gatazkak irtenbide politikoa behar du".
ELA
"ELAk arbuiatu eta gutxietsi egiten ditu asteburuan ETAk burutu dituen atentatuak. Berriro eskatzen diogu ETAri borroka armatua behingoz uzteko. Alde horretatik, esan behar dugu ETA alferrik dabilela, gure gizarteak nahi duen garapena bide demokratikoetatik doala, eta atentatuak gizartearen oinarrizko bizikidetzaren kaltetan doazela".
Ainhoa Etxaide (LAB)
"Gaurko egoeraren isla dira atentatuak, eta horrek konponbideak eskatzen ditu. Sufrimendua denok pairatzen dugu, eta horri ezin zaio erantzun eraginkorrak ez diren errezeta eta jarrera politikoekin, hauek antzuak direlako, ikusi izan den bezala. Azkeneko aste hau tragikoa izan da arlo humanoan eta politikoan, eta guztiok galtzen irten dugu".
EAEko UGT
"Utz ditzala ETAk armak, bakean eta askatasunean bizi gaitezen".
CCOO
"Hilketa honen aurrean erantzun irmoa eta hausturarik gabekoa emateko eskatzen dugu. Prest gaude langileak mobilizatzeko terrorismoaren kontra".
Ricardo Blazquez (Bilboko gotzaina)
"ETA desagertzeak gure gizarteari duintasun etikoa emango lioke. Agintariei eta gizarteari babesa eman nahi diet ETAren kontrako borroka luze eta zail honetan".
Iñigo Lamarka (EAEko arartekoa)
"Bizikidetza demokratikoaren aurkako erasoa da Santoñako azkeneko hau ere, hiritarren segurtasun eta askatasunaren aurkakoa. Balore demokratikoak landu behar dira, terrorismoari gailentzeko lehenbailehen".
Bakearen Aldeko Koordinakundea
"Euskal gizartearen borondatea zein den entzuteko exijitzen diogu ETAri. Hau da, desagertzeko. Beldurra eta mina besterik ez du eragiten ETAk".
Lokarri
"Gizarte osoaren kontrako atentatua da, oinarrizkoa den eskubidea urratu dutelako -bizitza-, eta erabat baztertzen dugu hori. ETAk ez du indarkeriarekin segitzeko inolako aitzakiarik".
Confebask
"Terrorismoak ez du zentzurik. Ankerra da indarkeria".
ERREAKZIOAK.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu