Balza: "ETAk irekita dagoen edozein prozesu dinamitatu nahi du"
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailburu Javier Balzak esan duenez, ETAk, "irekita dagoen edozein prozesu dinamitatu" nahi du. Eztanda izan den lekuan betan, "Batasunari Otegiri eta ETAri" honakoa esan die: "nahikoa dugu estilo eta eskutitzekin, hemen behar ditugunak ekintzak dira". Atentatuaren jo puntua zein izan zitekeen galdetuta, bere ustez helburua ez zela pertsona konkretu bat esan du Balzak, eta helburua "gizartea eta bake esperantzak" direla gehitu du. "Negoziaketa, politika eta bakerako garaia" dela azpimarratu du.
Alonsok babesa azaldu dio Balzari
Espainiako Barne Ministro Jose Antonio Alonsok atentatua izan eta denbora gutxira bere babesa azaldu dio Jaurlaritzako Herrizaingo Sailburu Javier Balzari. Espainiako Barne Ministeritzatik jakinarazi dutenez, Alonso Balzarekin harremanetan jarri da, eta bere eta bere Sailaren babesa eskaini dio. Horretaz gain, atentatua gaitzetsi duela jakinarazi dute, eta zauritutako ertzainaren inguruan kezka azaldu duela.
EAJ: "Batasunak herri honetako arazoak konpontzeko prest dagoela erakusteko garaia da
Bizkaiako EAJk Getxoko atentatua salatu egin du. EAJkoen iritzian, ez da ETAri desagertzeko eskatzeko "momentua", baizik eta orain, Batasunak "herri honetako arazoak konpontzeko prest" dagoela "erakusteko" garaia dela uste dute. "Konpromisoaren garai da, eta hori da Batasunarengandik guztiok entzun nahi duguna". Gaineratu dutenez, "indarkeriaren, eta gizartea beldurraraztearen kontra jartzen ez direnak, inoiz ezingo dute EAJren bidelagun izan".
PSE-EE: "Honek balizko su-etenez ez espakulatzera garamatza, eta ETAk atentatuekin jarraitu nahi duela erakusten du"
PSE-EEko idazkari Rodolfo Aresek gogor salatu du atentatua, eta azpimarratu duenez "honek balizko su-etenez ez espakulatzera garamatza, batzuk egin duten bezela", eta esan duenez, "ETAk atentatuekin jarraitu nahi duela" erakusten du. Gogora ekarri du, ETAk ez duela "armak betiko utziko dituela esanez" agiririk argitaratu, eta "agiri hori iristen ez den bitartean, demokrata guztiok, eta batik bat gobernuek, egin behar duguna, Zuzenbide Estatuak ematen dizkigun tresna guztiekin etatinkotasun guztiekin terrorismoa burrukatzea da".
EA: "Indarkeria erabiltzen dutenak bake prozesuarentzat traba dira"
EAko komunikazio idazkari Onintza Lasak azaldu duenez, beraien iritzian, "indarkeria erabiltzen dutenak bake prozesuarentzat traba dira". "Erabat gaitzetsi" du atentatua, eta zauritutako ertzainari "elkartasun osoa" azaldu. Gaineratu duenez, "ireki den garai berrian" alderdi guztiek "erabateko arduraz" jokatu beharra daukate.
EB-Berdeek atentatu gaitzesteko eskatu diote Otegiri
EB-Berdeek ere erabat gaitzetsi dute Getxoko atentatua, eta zauritutako ertzainari eta atentatua izan den inguruetako bizilagunei babesa eskaini die. Haien ustez, "ETAn eta Batasunanbi sektore daude: "elkarrizketa eta bide demokratikoetan sinesten duen gehiengo bat; eta indarkerian sinesten jarraitzen duen gutxiengo bat". Beraz, Batasunako bozeramaile Arnaldo Otegiri atentatua "Irmoki" gaitzesteko eskatu diote.
San Gil: "Esku batekin planaren aldeko boza ematen dutenek beste eskuarekin bonba jarri dute"
PPren EAEko bozeramaile Maria San Gilek esan duenez, "esku batekin Ibarretxeren plana -ren alde boza eman dutenek bonba jarri dute beste eskuarekin". San Gilen iritzian, "ETAk hitzegiten dakien hizkuntza bakarrean hitzegin du: beldurraren, eta suntsipenaren hizkuntzan".
Aralar: "Atentatua euskal gizartearen kontra doa orokorrean, eta ezker abertzalearen kontra bereziki"
Aralarrek ere gogor gaitzetsi du Neguriko atentatua, eta esan dutenez, beraien iritzian "atentatua euskal gizartearen kontra doa orokorrean, eta ezker abertzalearen kontra bereziki". Jakinarazi dutenez, horrelako ekintzak "bake agertoki bat eraikitzeko beharrezkoa den elkarrizketa prozesu bat abiatzeko traba dira". "Euskal Herrian ez dugu behar inork gatazka politiko bat dagoela azaltzerik; bazegoen ETA egon aurretik, eta gero ere egongo da". Espainiako Gobernuari eta ETAri ardura jokatzeko eskatu diote.
Erreakzioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu