Eusko Alderdi Jeltzalea : "Hauteskundeetara deitzeak ez du esan nahi herri kontsulta egingo ez denik. Ez dira gauzak nahastu behar. Gauza bat proposamen zehatz bati buruz eta marko juridiko-politiko bati buruz herritarrei galdetzea da, eta beste gauza bat da hauteskundeetan bakoitza bere egitarauarekin herritarren aurrean aurkeztea".
Batasuna: "Eskertzekoa da denen parte hartzearen alde Ibarretxek egin duen aldarrikapena, baina ez dugu itxaropenerako arrazoi handirik ikusten.Eguneroko lanean erakutsi behar du Ibarretxek Batasuna aurkezteko borondatea duela. Eztabaida politikoaren erdian gauden honetan, ez dugu ulertzen zergatik Ibarretxek hiru astez aurreratu dituen hauteskundeak. Gure ustez hanka sartu du, hauteskunde interesak gailendu direlako".
PSE-EE: "Egia esan, espero genuen erabakia, atzo Ibarretxeren porrota agerian gelditu zelako. Hauteskundeen aurrerapena atzoko porrotaren ondorio naturala da. Atzo denon artean egiteko bide berri bat zabaldu zen. Herritarrek zein bide jarraitu nahi duten aukeratu beharko dute. Batetik Ibarretxeren iraganeko bidea aukeratu dezakete, eta, bestetik, bide berri bat, denen artean egindako bide berri bat".
Aralar: "Ezinbestekoa da hauteskundeetan alderdi politiko guztiak izatea. Guztiek aurkezteko aukerarik ez badute, argi dago emaitzek ez dute herritarren borondatea ordezkatuko. Espainiako Kongresuak atzo euskal gizarteari emandako betoaren aurrean, Ibarretxek herritarrei hitza eman behar die, baina beste testuinguru batean. Herri baten aldarrikapenak ezin dira hauteskunde batzuetara mugatu".
Alderdi Popularra : "Egia esan, hauteskundeak aurreratu izanak ez gaitu gehiegi kezkatzen, prestatuta gaude. Etxeko lanak egin ditugu, eta hautagai zoragarri bat dugu, Maria San Gil. Alderdi Popularrak lasaitasun proiektu bat aurkeztuko du, Euskadiko eta Espainiako herritarrei lasaitasuna eta segurtasuna emango dien proiektu bat. Ibarretxek arriskua, segurtasunik eza eta lasaitasun eza eskainiko dio euskal gizarteari hauteskundeetan. Guk, ordea, guztiz kontrakoa".
Eusko Alkartasuna: "Ados gaude Ibarretxek hartutako erabakiarekin. Euskal Herriaren egoera oso nabarmena da. Batetik euskal herritarren hitza errespetatzea nahi duen gehiengo soziala dago, eta, bestetik, ezetzaren blokea osatzen duten PP eta PSOE. Egoera honen aurrean, normala da hitza herritarrei ematea".
Hauteskundeak
Erreakzioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu