Otegi: "Duintasuna zer den erakutsita hil da Idigoras"
Hunkituta hitz egin du Batasuneko bozeramaile Arnaldo Otegik, Idigoras hil eta denbora gutxira, 'Radio Euskadin'. Hunkituta hitz egin du, eta Idigorasen duintasuna azpimarratu du: "bizi izan zen bezala hil da: duintasuna zer den erakutsita".
Idigoras oso pertsona maitatua zela azpimarratu du: "oso konprometitua zen, leiala eta maitagarria, eta umore oneko egoten zen". Batasunak Anoetako belodromoan Orain herria, Orain bakea ekarpena egin zuenean han bildutakoek egin zioten harrera "zirraragarria" ekarri du gogora Otegik.
Idigorasek "une honetan zuhurtzia" izan behar dela esan zion Otegiri: "Gure herriarentzat irtenbide demokratikoa eta baketsua lortzeko daukagun aukera aprobetxatu behar dela esan zidan. Bera horren alde borrokatu zen eta orain guri dagokigu berak egindako lana burutzea".
Urkulluk dio bakea lortzeko itxaropenarekin hil dela
EAJko BBBko lehendakari Iñigo Urkulluk azpimarratu duenez, Idigorasek "herri honek bakea lortuko duen itxaropena zuen", Gaineratu duenez euskal gizartearen gehiengoak" horixe nahi du.
"Azkeneraino izan ditugun desadostasun politikoez haratago" egun tristea dela esan du Urkulluk. "Euskal gizartearen ordezkaria izan da eta bere lana bete du, desadostasunez haratago, bere herriarekiko maitasunarekin eta herri honek etorkizunerantz aurrera egin dezan konpromisoarekin".
Patxi Zabaleta: "Elkarrizketarako prest zegoen beti"
Aralarreko kide Patxi Zabaletak azpimarratu duenez, Jon Idigoras "elkarrizketarako prest zegoen beti, uste sendoak zituen eta komunikatzeko gaitasun handia zuen".
Azpimarratu duenez, aspalditik ezagutzen zuen eta denbora horretako "pasadizo gogoangarriak eta maitagarriak" gogoan dituela dio.
"Pertsona atsegina zen, batzuetan kritika zorrotzak egiten zituen, baina umorez beti".
Larreina: "Ideal baten alde borrokatu zen, zintzotasunez"
EAko legebiltzarkide Rafa Larreinak Idigorasen "koherentzia azpimarratu du". "Koherentea bere buruarekin: ideal baten alde borrokatu zen, zintzotasun intelektualez egin zuen, gainera, eta hori miresgarria da. Bere bizialdiko garai askotan ez gentozen bat formetan. Azken aldian ikuspuntu bera genuen. Koherentzia eta bere izaera abertzaleak markatu dute bere bizitza. Hemen jarraitzen dugunontzako eredua da, koherenteak izan eta herrialde hau maitatzen jarraitzeko eredua".
Komunikabideetan Idigorasen irudi oso gogorra ematen zela dio, baina Larreinaren ustez "guztiz kontrakoa zen, oso pertsona gogoangarria zen".
Erreakzioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu