ERREPORTAIA. Darfurko garbiketa etnikoaren erroak

Juanma Sarasola

2009ko martxoaren 5a
17:50
Entzun
Sudango Darfur eskualdeko garbiketa etnikoak bost urte bete zituen iazko abuztuan. Gatazkak pertsonei eragiten dizkien kopuru latzak ematen ditu: 300.000 hildako, gehienak zibilak, jatorrizko populazioen desplazamendua —2.000.000 errefuxiatu, nagusiki ondoko Txaden, kanpamenduetan—... lur desjabetzeak, janjawid milizien eta petrolioa eskuratu nahi duten estatuen -bereziki Txina- mesederako... Latza da egoera, arrunt latza. Eta bost urte behar izan ditu Hagan (Herbehereak) egoitza duen NZA Nazioarteko Zigor Auzitegiak Sudango presidente Omar al Bashir "gerra eta gizateriaren kontrako krimenengatik" atxilotzeko eskatzeko. Atzo, 2009ko martxoaren 4an, arrazoi horiexek argudiatuta, atxilotzeko agindua berretsi zuen nazioarteko epaitegiak.

Darfurko gatazkak urtebete inguru zeramala, 2004ko maiatzean, honako erreportaia argitaratu zuen BERRIAk.

DARFUR, HERRITARREN SUFRIKARIO LATZA

Eskualdea, hondamendi bidean. Armada eta milizia arabiarrak jatorri afrikarreko etnien aurka egiten ari diren gerrak egoera gogortu du.

Darfur: Dar Fur edo Fur-en [etnia afrikarraren] etxea, arabieraz. Sudan: Bilad as-Sudan edo Beltzen Lurraldea, arabieraz ere.

Etimologiatik eta izenak zeinek jarri dituenetik ikusten da Afrikako ekialdeko herrialde horretan jatorrizko herriak ez direla erabat burujabeak izan.

Funtsean, gatazka afrikar jatorriko etnien eta arabiar jatorrikoaren artekoa da. Baina ez da dena hain sinplea. Eta gatazkaren ondorioak, sinpleak zein korapilatsuak, latzak dira. Gainera, XXI. mendeko lehenbiziko giza hondamendi handia izateko bidean da Sudango ipar-mendebaldean dagoen Darfur eskualdekoa.

Txadekin eta Afrika Erdialdeko Errepublikarekin egiten du muga Darfurrek, eta 196.555 kilometro koadro inguru ditu, Frantziak adina, gutxi gorabehera. Desplazatuak kontuan hartuta, 3,1 milioi biztanle ditu. Ekonomia batez ere nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarritzen da. Behiala esklabuak herrialde arabiarretara eramateko bidea izan zen, eta egun Sudan bezala etnia ugariz osatua dago. Fur etniaz gain, massalit eta zaghawa etniak dira afrikar jatorrikoak, eta baggar-ak, aldiz, Arabiako penintsulan du sorburua. Afrikar jatorrikoak gehienbat sedentarioak diren bitartean, arabiar jatorriko biztanleak nomadak dira. Guztiak ere, musulmanak.

International Herald Tribune egunkarirako idazten duen R.S. O'Fahey historiagileak dio Darfurko egungo gatazka 1650tik XX. mendea arte iraun zuen sultanatoan izandakoa baino "odoltsuagoa" dela. Orduan talde etniko nagusietatik zetozen pertsonek osatutako elite batek agintzen zuen, eta etnia nomadak kontrolpean, batzuetan, eta eskualdetik at, besteetan, mantentzen zituzten. 1916 eta 1956 artean Erresuma Batuko ofizialek agindu zuten Darfurren. Eskualdea atzeratuta zegoen eta gazteek ekialderantz jotzen zuten Nilo Urdin eta Zuriaren arteko kotoi soroetan lan egiteko. 60ko hamarkada arte ez ziren Darfurko arabiar eta ez-arabiarrak Sudango politikagintzan sartu.

Hondamendirako bidean

Egungo krisiaren sustraietako bat 80ko hamarkadan izandako idorte luzeek eragindako desertifikazioan datza. Darfurko ipar zein erdialdean basamortuak are eremu zabalagoa hartu izanak urarekiko eta bazkalekuekiko istiluak piztu zituen nekazarien eta nomada abeltzainen artean. Putzuak erabiltzeagatik liskarrak izanak ziren aurreko mendeetan, baina lantzen bidez edota akordioak eginda finkatzen zen erabilera. Haatik, suzko armekin egoerak okerrera egin zuen.

80ko hamarkadan Sudango lehen ministro izan zen Sadik al Mahdik arabieraz mintzo ziren nomada abeltzainei (baggarak) armak emateko erabaki izanak ez zituen gauzak konpondu. Arma horiek, teorian, SPLA Sudan Askatzeko Herri Armadaren kontra gobernu islamistari aurre egiten dion kristauz eta animistaz osatutako mugimendua borrokatzeko ziren.

Aitzitik, baggara armatuak iparraldeko bizilagunen, hots, fur, massalit eta beste etnien, aurka ekiten hasi ziren. SPLAk egoera korapilatu zuen, Darfurko hegoaldean fronte bat irekitzen saiatu zenean. Orduan, arabiar jatorriko zein kulturako miliziak —lehen Murahilin deituak, orain Janjaweed— Gobernuaren kontroletik kanpo jarduten hasi ziren.

1989an Omar Hassan al Bashirrek kolpe militarra eman zuen eta 1993an presidente izendatu zuten. Haren agintepean gatazka larriagotu egin da, batez ere arrazakeria areagotu delako. Sudango Gobernua islamista izateak eta 1983tik sharia lege islamiako indarrean egoteak liskarrak areagotu ditu hegoaldeko biztanle kristau eta animistekin. Halaber, etnia zein kultura arabiarra bultzatzen du, gainerakoak baztertuta. Etnien araberako banaketa eta borrokak direla-eta batzuek arabiar deitzen diete beren buruei; beste batzuek, aldiz, zurq (beltz urdinak).

O'Faheyren ustetan, Khartumgo gobernuak "arrazakeria bultzatzen" du, Darfurren kontrola atxiki nahi duelako, bereziki bertatik oliobide bat pasarazteko posibilitatea dagoelako. "Arrunt zaila izango da janjawid miliziak geldiaraztea; ideologia arrazista erabat garatua dute, baita gerlari kultura ere. Gainera, arma, ganbelu eta zaldi franko dituzte; oraindik ere Darfurren barrena mugitzeko modurik errazenak, azken horiek. Zaila izango da Darfurreko genozidioa bukatzea, baita nazioartea horretan saiatzen bada ere".

Darfurren sortu baina Sudan osoko gatazka konpontzeko xedea duen SLM Sudan Askatzeko Mugimendua eta MJE Justizia eta Berdintasunaren aldeko Mugimendua duela urte eta erdi altxatu ziren Sudango Armadaren eta Gobernuaren aldeko janjaweed milizien kontra. SLMko buruetako batek, Meny Arku Menawyk, [2004ko maiatzaren 23an] salatu zuenez, iragan larunbatean Niala hirian 60 pertsona hil zituzten janjawid milizianoek. "Al Bashir presidentea janjawid-en buruzagiekin bildu ondoren egin zuten sarraskia".

"Garbiketa etnikoa"

Jatorri afrikarreko tribuek eta giza eskubideen aldeko erakundeek Al Bashirren gobernuari leporatzen diote janjawid-ak laguntzeaz eta "garbiketa etnikoa" egitera bultzatzeaz.

"Erasoetatik ihesi, batera eta bestera jo dute herritarrek. Orain hirien inguruan kokatu dira, plastikozko dendetan", jakinarazi du Gurutze Gorriko langile Esther Lopezek. Erakundearen arabera, Darfurren 850.000 barne desplazatu daude eta Txaden, aldiz, 150.000 errefuxiatu, gehienak emakumeak eta haurrak. "Apenas geratzen zaizkien zerealak. Gerrak uzta biltzea eragotzi du; elikagai erreserbak ahitu dira eta soroak kiskalita. Elgorria bezalako gaitzak hedatzen hasiak dira". Gainera, arazo humanitarioak okerrera egin dezakeela ohartarazi dute gobernuz kanpoko erakundeek.

Darfurren egoerak oso larri dirauen bitartean, gainerako lurraldeetan esperantza izpi bat indar daitekeela dirudi: SPLA eta Sudango Gobernua bien aldeko armistiziorako protokoloa sinatzekoak ziren [2004ko maiatzaren 25ean] Kenian. 20 urteko gerra zibilaren bukaeraren hasiera ote?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.