"Euskalerria irratiari modu larrian eta batere oinarririk gabe leporatu zaizkionak direla eta, xehetasun hauek guztiak eman nahi ditugu:
1.- Euskalerria irratia da hala Noain-Iruñeko Aireportuaren nola AENA eta Hegazkintza Zibilaren gainerako komunikazioen aire-segurtasuna zaintzeaz arduratua dagoen lehen interesatua. Alde horretatik, bai gure antena bai gainerako emisio-tresna guztiak profesionalak dira eta erabat daude Industria Ministerioak homologatuak: iragazki bat ere badute, inolako interferentziarik ez sortzeko.
2.- Berriz ere jendaurrean errepikatuko dugu lehenagotik hamaika aldiz esandakoa: ez dago inolako loturarik AENAko instalazioei eragindako interferentzien eta Euskalerria irratiaren emisioen artean, eta halaxe frogatzen dute ohar honekin batera doazen agiriek. Are gehiago, hainbat ikuskapen eginak ditu Industria Ministerioaren mendean dagoen Nafarroako Telekomunikazioetako Buruak, hots, Berduque Mancho Jaunak; eta haietan guztietan egiaztatu da gure komunikabidearen emisioak ez zirela interferentzien eragileak. Horrek guztiak, beraz, baliorik gabe uzten ditu Nafarroako Gobernuko Komunikazio Zuzendaritza Nagusiak orain arte egindako akusazioak oro. Horrenbestez, inola ere ezin egotzi zaio Euskalerria irratiari inolako perturbaziorik eta arazo teknikorik sorrarazi izana.
3.- Gainera, ezin zaigu publikoki horrelako akusazio larririk egin Nafarroako Gobernuak egin duen moduan. Lehenik eta behin, inolako oinarririk edo frogarik ez dagoelako eta bestetik, orain arte jasotako datuek agerian uzten dutelako Euskalerria irratiak ez duela perturbaziorik sortzen, ez modu zuzenean ezta zeharkakoan ere. Honek guztiak, irrati espektroa kudeatzeko ardura duen Nafarroako Gobernuaren seriotasun eta objektibitate eza agerian uzten du. Horrenbestez, gogoeta egin beharra dago. Zergatik ez da egia esaten, jakinik Foru Gobernuak ez duela eskumenik afera honetan. Bi galdera batean dira. Erantzuna Nafarroako Komunikazio Zuzendari Nagusiak dauka.
4.- Era berean, badugu zer zehaztua alderdi tekniko hauen inguruan:
- Euskalerria Irratiaren antena Erreniega mendian dago 1996az geroztik. Eta 13 urte honetan inoiz ere ez digute leporatu inolako perturbaziorik eragin izana. Ardura eta zorroztasun tekniko handienarekin jokatu dugu beti.
- Ohar honi erantsi zaion argazkian Erreniega mendiko gailurra ageri da eta argi dago antena ugari daudela. Gehienak AENAko sistematik hurbil daude; eremu kritikoan, hain zuzen ere.
- Euskalerria Irratiaren antena, ordea, AENAk perturbazioen iturburutzat adierazitako tokitik kanpo eta urrun kokatua dago.
- Gure antenak ekialdera bideratuak daude, hau da, hiriburua eta Iruñerria geografikoki kokatuta dauden aldera. Ez dute, hortaz, interferentziarik sortzen AENAko instalazioetan.
- Beharrezkoa bada, eta zalantza oro desagertze aldera, estamentu ofizialak gonbidatzen ditugu haiek beren egiaztapen teknikoak egin ditzaten.
Bai, zalantzarik gabe, egoera babesgabean gaude; baina lizentzia ezak eragindako egoera babesgabea da; hau da, ez da Euskalerria irratiak inola ere sortu ez dituen ustezko interferentzia batzuek eragindako babesgabetasuna. Horixe da egia, eta hara, Nafarroako Gobernuko Komunikazio Zuzendaritza Nagusiak berak zer eta aitortu berri du "badirela Erreniegatik emititzen duten beste antena 'legezko' batzuk" eta horrek ez duela arriskuan jartzen aire-trafikoaren segurtasuna.
5.- Egiazki mingarria zaigu mingarria zaigunez, sortu zenetik 21 urte iragan diren honetan, Iruñerriko euskarazko irrati bakarra oraindik ere legetik kanpo ibiltzera zigortua egotea, kontuan harturik, gainera, Iruñerrian Nafarroako herritarren erdiak bizi direla. Kazetaritzako profesionalak, euskaldunak, eta batez ere, herritarrak garen aldetik, jokamolde horrek –gure iritziz– bigarren mailako herritarrak izatera zigortzen ditu Iruñerriko gizon-emakume euskaldunak.
6.- Euskarari buruzko 18/1986 Foru Legearen 27. artikuluak halaxe dio: “Nafarroako Administrazio Publikoek bultzatuko dute euskararen mailaz mailako presentzia komunikabide sozial publiko eta pribatuetan” eta “Nafar Gobernuak euskararen presentzia egokia begiratuko du telebista eta irratietan”. Hori al da Gobernuak euskara irratietan eta telebistan bultzatu eta sustatzeko duen modua?
7.- Gauzak horrela, adierazi nahi dugu elkarrizketarako prest gaudela eskuartean darabilgun kontuari konponbide bat bilatzeko. Alde horretatik, onartu egiten dugu Xabier Azanza Euskarabideako zuzendari kudeatzaile jaunak bitartekari izateko egin duen eskaintza. Era berean, joan den astean egindako akusazioak zuzentzeko eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari.
8.- Iragarri nahi dugu, azkenik, ekainaren 19an Euskalerria irratiak irrati-lizentzia bat eskatu diola zuzenean Industria Ministerioari, Nafarroako Gobernuak emititzeko gaitasuna ematen duen baimena behin eta berriz ukatu ondoren.
Hogei urtetik gora etenik izan ez duen irratigintza, hamabi profesionalen baino gehiagoren lana eta egunero zortzitik gora ordu inguru hurbilean begirada pausatuta; horiek orok ederki frogatzen dute euskarazko gure komunikazio-ekimenaren bideragarritasuna, irratiaren bitartez Iruñea eta Iruñerriko herritarren zerbitzuan."
Euskalerria irratiak Nafarroako Gobernuaren erabakiaren inguruko agiri osoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu