Falange Española alderdiak manifestazioa egingo du Trebiñun, bozetarako hausnarketa egunean

2009ko otsailaren 24a
17:11
Entzun
Falange Española alderdi ultraeskuindarrak manifestazioa egingo du Trebiñun (Araba) datorren larunbatean, bozetarako hausnarketa egunean. Epaileek baimena eman diote martxa egiteko, konderria Gaztela eta Leonen (Espainia) administrazioaren barruan dagoela eta, hartara, hauteskunde legea urratzen ez duela argudiatuta. Aldez aurretik, Espainiako Gobernuak debekatu egin zuen manifestazioa, Trebiñun Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta dauden lagun asko bizi direlako. Herritarrek protesta egingo dute haien aurka.

Gaztela eta Leongo Auzitegi Nagusiak baimena eman dio Falangeri larunbatean Trebiñun manifestazioa egiteko. Hain zuzen ere, Trebiñu "Espainia" dela aldarrikatu nahi du muturreko eskuineko alderdiak.

Aldez aurretik, Espainiako Gobernuko Ordezkaritzak debekatu egin zuen martxa, egun horretan EAEko hauteskundeen hausnarketa eguna dela eta Trebiñun EAEn erroldatuta dauden pertsona asko bizi direla argudiatuta.

Arrazonamendu horri muzin eginda, Gaztela eta Leongo Auzitegi Nagusiak esan du Trebiñun ez dutela hauteskunderik egingo.

Espainiako Gobernuak manifestazioa debekatzeko emandako beste argudio bat istiluak egon litezkeela zen, baina Gaztela eta Leongo auzitegiko epaileek esan dute manifestazioa egitea Espainiako Konstituzioak aitortzen duen eskubidea dela, eta istiluak egongo diren susmoa ez dela "arrazoi nahikoa" eskubide hura urratzeko.

Atzo, manifestazioa egiteko asmoen berri izan eta berehala, Falangeri "bizkarra" emateko eskatu zien Ahaztuak 1936-1977 elkarteak Trebiñuko herritarrei. 36ko gerran frankistek fusilatu eta desagerrarazitakoen aldeko elkarteak Falange Españolaren asmoa gaitzetsi, eta hori frankismoaren biktimentzat "iraina" dela azaldu zuen. Altxamendu frankistan parte hartu zutenen "oinordeko" iritzi zien Falangekoei (falangistek eskuz esku hartu zuten parte altxamenduan eta 36ko gerran). Ahaztuaken arabera, 32 lagun hil zituzten frankistek Trebiñun 1936an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.