Lan erreformaren erreforma hasiko du bihar Espainiako Gobernuak. Eztabaida gutxi sortuko duen atal bakar batekin hasiko da: bertan behera utziko du askotan gaixotzen den langilea kaleratzea baimentzen duen artikulua. Horrela, enpresek kanporatu egin ahal izan dituzte bi hilabeteko epean zortzi egunetik gora gaixo egon direnak, baita urtebeteko epean egunen %5etan gaixo baimenarekin izandakoak eta lau hilabetetan %25 baimena izandakoak ere. Aspaldiko artikulua da hori, baina 2012ko erreformak ezabatu egin zuen neurri hori zabaltzea eragozten zuen muga: soilik absentismo indizea %2etik gora zuten enpresetan ezar zitekeen.
Lege dekretuz aldatuko du artikulua Espainiako Gobernuak, baina hori da, oraingoz, bere kabuz egingo duen moldaketa bakarra. Izan ere, 2012ko eta 2013ko lan erreformen puntu eztabaidatuenak elkarrizketa sozialaren bidez aztertu nahi ditu Madrilgo gobernuak. Lehenik, ultraaktibitatearen luzatzeari eta sektoreko itunen lehentasunari heldu nahi die Yolanda Diaz Lan ministroak, eta gero jorratu nahi du «gehiegizko» aldi baterako kontratazioa.