Gaurko lekukoen deklarazioak

2010eko urtarrilaren 27a
14:56
Entzun
DEFENTSAREN LEKUKOAK

=bETAk eta KASek ez zutela 'Egunkaria'-n inolako esku-hartzerik izan ziurtatu du Nerea Azurmendi kazetariak=b

Nerea Azurmendi El Diario Vasco-ko kazetari eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea izan da gaur defentsaren lekukoen artean deklaratzen lehena. Aurretik, Luzien Etxezaharreta, Aingeru Epaltza eta Jose Luis Lizundiaren lekukotzei uko egiten diela iragarri du defentsak. Azurmendi Egunkaria-ren talde sustatzaileko kide izan zen eta zuzendariordeetako bat hasieran. Administrazio kontseiluan ere parte hartu zuela agertu du. Halaber, komunikazio arloaz arduratu zela eta Egunkaria sortzeko diru bilketa gizarteratzeaz. Lan horietan aritu zenean bizitakoan oinarrituta ETAk eta KASek ez zutela Egunkaria-n inolako esku-hartzerik izan ziurtatu du, eta Eusko Jaurlaritzak administrazio kontseiluan bi kide izan zituela azpimarratu. "Ni bizitakoaz fiatzen naiz, beste batzuek esan dezaketenaz baino. Ziurtatzen dut ez dudala ezer ikusi, erabat", esan du AVTko abokatuari erantzunez.

=b'Egunkaria'-k Orain S.A.rekin izan zuen harremana "erabat komertziala" izan zela esan du Barinagarrementeriak=b

Sebastian Barinagarrementeria Egin argitaratzen zuen Orain S.A.ko kudeatzailea izan da deklaratzen bigarrena. Egunkaria-k enpresa horrekin izandako harremanez aritu da, eta "erabat komertziala" izan zela ziurtatu du. Izan ere, Egunkaria-k errotatibarik ez zuenez Orain S.A.k inprimatzen zuen. Hala ere, Barinagarrementeriak agertu du haiekin hasi aurretik El Diario Vasco, Navarra Hoy eta Deia-rekin harremanetan izan zirela Egunkaria-koak eta aukera horiek guztiek aztertuta hautatu zutela eurena. Halaber, hainbat produktu El Diario Vasco-n inprimatzen zituztela agertu du. Orain S.A.k euskarazko egunkaria egiteko izan zuen asmoaz ere aritu da Barinagarrementeria, baina Egunkaria-ren proiektua sortzean eta indar handia izan zuela ikustean, eurek egitasmo hori baztertu egin zutela azaldu du.

Simeon Barrosok, Ander Larrañagak, Jonan Fernandezek eta Iñaki Zubeldiak ere eman dute lekukotza

Apika informatika enpresak Egunkaria-rekin izandako harremanaz aritu da epaiketan Simeon Barroso, eurek egin baitzuten Egunkaria-ren sistema informatikoa. Harreman "komertzial intentsoa" izan zutela agertu du Barrosok, eta ukatu inoiz hedabide batek egotzi izan dien bezala KASekin harremanik dutela; areago, komunikabide horri azalpenak pertsonalki eskatu zizkiola azpimarratu du. Antza inprimategiko Ander Larrañagak ere Egunkaria-rekin izandako harremanaren berri eman du.

Jonan Fernandez Baketik zentroko arduradun eta Elkarri-ko buruzagi ohiak, berriz, hainbat auzipeturekin izandako harremanen berri eman du. Besteak beste, agertu du Xabier Oleaga Elkarri-ko bazkidea zela eta harreman iraunkorra izan duela harekin, eta Txema Auzmendi ere bazkide laguntzaile zela. Martxelo Otamendirekin duen harremanari dagokionez, agertu du 80ko hamarkadan Tolosako Udalerako HBko zerrendako kide independente izan zirela biak. Areago, Fernandez zinegotzi ere izan zen. Hain zuzen, kargua utzi zuenean Otamendi zen hurrengoa eta hark hartu behar zuen. Honek uko egin zion, ordea, Fernandezek azaldu duenez ez zeukalako politika egiteko asmorik. Egunkaria-ko zuzendari ohiak berak bezala ez zuela HBrekin harreman organikorik azpimarratu du.

Iñaki Zubeldia Errenteriako ikastolako zuzendari ohiak deklaratu du hurrena, eta Oleagari buruz aritu da. Ikastola hartako presidente izan zela eta lan hori egokitasunez bete zuela adierazi du.

Torrealdaik jasandako torturei buruz aritu da Joxe Azurmendi

Joxe Azurmendi pentsalari eta idazleak ere eman du lekukotza epaiketan, defentsak eskatuta. Jakin taldeko kide zein heinean elkarte horrek Egunkaria Sortzenen parte hartu zuela azaldu du, eta bide horretatik iritsi zela Torrealdai proiektura. Baina Azurmendiren arabera, Martin Ugalde eta Karlos Santamaria idazle eta kultur eragileek ezagutzen zutelako izan zuen halako pisua Torrealdaik euskarazko kazeta sortzeko proiektuan. Ildo horretatik, Egunkaria-ren 11 oinarri ezagunen muinean Karlos Santamariak askoz ere lehenago Jakin pentsamendu aldizkarian idatzitakoa zegoela ziurtatu du. Torrealdaik jasandako torturak ere gogoan izan ditu Azurmendik. Agertu duenez, espetxetik atera zenean aitortu zion torturatua izan zela, negar artean, hiru orduko hizketaldian. Torturak jasan zituela Torrealdairen emazteari ere ez kontatzea erabaki zutela agertu du, "haurrengatik".

Joseba Intxausti: "Biztanlegora iritsiko zen euskarazko egunkari bat behar genuen"

Joseba Intxausti historialari eta idazlea izan da defentsako lekukoen artean deklaratzen azkena. Azurmendi bezala Jakin taldeko kidea eta Torrealdairen laguna da. Hain zuzen ere, bera ere Egunkaria Sortzeneko kide izan zela agertu du Jakinen euskal kulturarekin zuten konpromisoagatik. Euskarazko egunkari baten beharrak bultzatu zituela hartara agetu du; "biztanlegora iritsiko zen euskarazko egunkari bat behar genuen". Azurmendik bezala Karlos Santamariak proiektuan izan zuen eragina azpimarratu du. Zehazki, Torrealdari buruz ere aritu da. Auzipetua sakon ezagutzen duela agertu du, harekin bizi izan zelako hamabi urtez, eta indarkeriariari sinpatiarik ziola ukatu du: "Jakin-eko gizon bat da. Ekintza kulturala baketsua dela pentsatzen du".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.