Kataluniako Generalitateari hezkuntza sisteman beharrezko aldaketak egiteko agindu dio Auzitegi Gorenak, gaztelania irakats hizkuntza izan dadin. Hainbat guraso elkartek Hezkuntza Sailaren erabakiei jarririko helegiteen erantzuna da hori. Aldaketak «Kataluniako gizartearen hizkuntz normalizazioak eskatzen duen neurrian» egiteko eskatzen du Gorenaren sententziak.
CiUk eta PSCk Masen inbestidura bermatzeko sinatu berri duten akordioaren oinarrietako bat da, hain zuzen ere, «eskolako hizkuntz eredua mantentzea». Ernest Maragall Generalitateko Hezkuntza sailburuaren arabera, sententziak ez du arau bakar bat aldatzera behartzen. «Hezkuntza Legeak dioen bezala, katalana da normalki eskoletan erabiltzen den irakats hizkuntza, eta gaztelania presente dago, neurri egokian», gaineratu du Maragallek.
ICVk eta ERCk ere, hizkuntza murgiltzea babesteko, bat egiteko deia egin dute, eta gogorarazi dute Hezkuntza Legea Auzitegi Konstituzionalak onarturikoa dela. Ciutadansek, berriz, «nahitaezko hizkuntza murgiltzea» amaitu dela dio.
Gaztelania irakats hizkuntza izatea agindu du Gorenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu