Euskal Herria euskal herritarren borondateak jositako errealitate politikoaren, sozialaren, kulturalaren eta linguistikoaren adierazpidea da. Zazpi herrialdek osaturiko nazioa da gurea: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Garaia, Nafarroa Behea eta Zuberoa. Aukera berriak ireki dira Euskal Herrian, eta dokumentu honen bultzatzaileok, Eusko Alkartasunak eta Ezker Abertzaleak, Gipuzkoako jendarteari aldaketa politikoa eta soziala bultzatzeko eskaintza egin nahi diogu, independentzia erreferentzia gisa hartuta. Indarrak biltzeko garaia da: herritarron unea iritsi da, guztiok dugu zeresana.
Gipuzkoan ere urrats bat emateko momentua da, aldaketa sakonak modu demokratikoen bidez eskuratzeko garaia da.
1. EGITURA JURIDIKO POLITIKO BERRIA
Euskal Herriak, munduko nazio guztiek bezala, bere buruari edozein antolaketa eredu emateko eskubidea du. Gaur egun, Euskal Herriak ez dauka erabaki politikoak demokratikoki garatu ahal izateko aitorturiko tresna politikorik. Proiektu politiko guztien arteko konfrontazio politiko askea eman ahal izatea ariketa demokratikoa da, gatazka errotik gainditzea ahalbidetzeko. Bestalde, proiektu politiko horiek biolentzia eta kanpo injerentziarik gabe, soilik bide baketsuak, politikoak eta demokratikoak erabilita, eta pertsona ororen giza eskubideak errespetatuta gauzatu ahalko dira.
Dekalogo honen sinatzaileok, independentziaren eta eredu sozial eta ekonomiko aurrerakoi baten alde egiten dugu. Helburu hori lortzeko Euskal Herriak antolaketa juridiko politikorako hainbat formulazio izan ditzake, bai barne lurraldeen errealitate ezberdinen antolaketa juridiko politikoari dagokienez, bai kanpo harremanetarako antolaketa juridiko-politiko orokorrari dagokionez. Egituraketa juridiko-politiko berri batek, gainera, ezinbestean herritarren parte-hartzea izan behar du oinarri, nazio gisa dagozkigun erabaki maila guztietan. Kultura demokratiko horrek instituzioetatik abiatu behar du, eguneroko jardueran herritarren parte-hartzea sustatuz eta eguneroko erabakietan herritarrak inplikatuz. Herrien Gipuzkoa indartu behar da, herri txikiek, ertainek eta hiriguneek osatzen dute Gipuzkoa eta inbertsio eta bitartekoak herrien garapenera ere bideratu behar dira, horretarako udalen lana indartuz. Euskal herritarrok interes orokorreko egitasmoetan esku hartzeko bitartekoa da auzolana eta, zaintzeaz gain, bultza behar dugu.
2. GATAZKAREN KONPONBIDEA
Gatazka politikoa eta indarkeria bake bidera eta aterabide demokratikora eramateko aukera du Euskal Herriak. Indarkeriarik gabeko egoera bermatzea eta normalizazio politikoaren bidea hastea Gernikako adierazpena deritzonean zehaztutako edukien arabera egin behar dela uste dugu.
3. EUSKAL HERRITIK GIPUZKOARA, GIPUZKOATIK EUSKAL HERRIRA
Euskal Herriaren nazio eraikuntzak indar sozialen, sindikalen, politikoen eta instituzionalen beharra du. Euskal Herriko beste herrialdeetan bezala, Gipuzkoan ere, norabide horretan indar eta egitasmo ugari dauzkagu. Nazio ikuspegia iparrorratz hartuta, gure herrialdean bertan herri gisa aritzea aurrera egiteko gakoetako bat da. Lurraldeen arteko lehiak gaindituz, bikoiztasun zentzugabeak alboratuz, ezberdintasun bidegabeak ekidinez, indarrak eta esfortzuak nazio proiektu batean jarri behar ditugu. Gure herrialdeak, Gipuzkoak, Euskal Herriko beste lau herrialderekin egiten du muga: ekialdean, Lapurdi; hegoaldean, Nafarroa; hegomendebaldean, Araba; eta mendebaldean, Bizkaia. Gure ustez, nazio politiken ikuspegitik, estrategikoa da lurralde artikulazioa bultzatzeko politikak martxan jartzea; garraio eta azpiegitura politika nazionaletatik abiatuta, politika sozialak, ekonomikoak eta politikoak garatzeraino. Nazio ikuspegi hori Gipuzkoatik ere bultzatu behar da.
4. JUSTIZIA SOZIALA
Azken hamarkadetan mundu mailan indarrean dauden politika atzerakoiek eta neoliberalek ziklo ekonomiko bat agortzea eragin dute. Euskal Herriak, independentzia politikoaz gain, ekonomikoa eskuratu behar du eta, horretarako, gure natur baliabideen eta baliabide ekonomikoen kudeaketarako gaitasuna izan behar dugu. Politika sozialak eta ekonomikoak, arlokako estrategiak, zerga-politika, azpiegitura planak eta lurraldearen eta ekologiaren arteko oreka gure beharren eta interesen arabera kudeatu behar ditugu. Lan harremanetarako eredu propioa behar dugu, eta horrekin batera eredu ekonomiko eta sozial propioa. Lanaren eta aberastasunaren banaketa oinarri izango duen bestelako eredu ekonomiko eta sozial bat aldarrikatzen dugu, eredu bidezkoagoa eta demokratikoagoa. Sektore publikoaren eta zerbitzu publikoen pribatizazioa galarazi behar ditugu. Kutxaren funtzio soziala indartu egin behar da, Gipuzkoako herritarren zerbitzura jarriz. Iruzurra gainditu egin behar da, eta horretarako ezinbestekoa da politika eraginkorrak eta aktiboak finkatzea. Hirugarren adinekoen benetako beharrei erantzuteko sail bat eratzea beharrezkoa da, eta horretarako dagokion inbertsio publikoa egin. Gazteriarentzat politika sendoa behar da; lan zein etxebizitza duina eskuratzea ahalbidetuko duen politika. Eremu guztietan politika feminista eraginkorra behar dugu, emakumeak herritar aktibo gisa eskubide guztien jabe izateko eta bizitzako arlo guztietan aukera berdintasunean aritzeko
5. GARAPEN IRAUNKORRA
Gipuzkoan lurra eta natur baliabideak soberan ez dauzkagun aberastasuna dira eta beraz lurraldearen antolaketak eta antolaketa eredu honen iraunkortasunak berebiziko garrantzia hartzen dute. Gipuzkoarron bizi kalitatea eta osasuna iraunkortasun politika hauen baitan kokatzen dugu. Euskal Herriaren zein Gipuzkoaren etorkizuna errotik aldatzen duten proiektu erraldoien definizio eta zehaztapenak, gizarte eragile eta herritarren parte hartze zabala eskatzen du hauen inguruko erabakiak hartzeko orduan. Garraio politika iraunkorra behar du gure herrialdeak. Errepide zein tren sarea gipuzkoarrok ditugun interes eta beharren baitan kokatuz, bai herrialdearen barne artikulazio eta komunikazio beharrei lotua baita ere nazio mailakoei dagokienean. Gipuzkoan josi behar den errepide sareak eskualde eta herrialde mailako komunikazioan ezarri behar du bere lehentasuna. Tren soziala bultzatzea era berean lehentasunezkoa da herrialde mailako komunikazioa bultzatzeko Bestalde, azken urteetan Gipuzkoan metatu den hondakinen kudeaketaren gaineko esperientzietatik abiatuz, herrialde honetan hondakinen kudeaketarako eredu egokia herritar guztion arteko eztabaidaren bidez erabaki behar da. Azkenik, Pasaiako kanpo kaiaren zein Hondarribiko aireportuko pista luzatzeko egitasmoek ez diote Euskal Herriaren zein Gipuzkoaren beharrei erantzuten, beste interes batzuk dituzte oinarrian, beraz hauen aurka gaude. Guzti honegatik, Euskal Herri zein Gipuzkoa mailako azpiegitura eta garraio politikari dagokion eztabaida estrategiko sakona ematea beharrezkoa dela deritzogu.
6. JENDARTE PAREKIDEA
Jendarte askea eraikitze bidean, arlo guztietako menpekotasun egoeren kontra, aukera berdintasunaren alde, eta emakumeen aurkako edozein motako indarkeria desagertzeko neurri politikoen alde borrokatuko gara. Gizonen eta emakumeen arteko aukera berdintasuna bermatzeko politika eraginkorrak bultzatzeko konpromisoa hartzen dugu. Esfortzu berezia egingo dugu emakume gazteen jabetze prozesua bultzatzeko eta haien parte-hartze sozio-politikoa indartzeko, gaur egungo botere harremanak gainditzeko bide bakarra baita.
7. EUSKARA ETA KULTURA
Euskara Euskal Herriko nazio hizkuntza denez, euskaraz ariko den Gipuzkoa euskaldunaren aldeko apustua egiten dugu, eguneroko jardunean euskara erabiltzeko eskubidea bermatua izango dute gipuzkoarrek; finean, hainbat kulturako euskal herritar eleanitzak, Euskal Herri euskaldunean. Egunerokoan, herrialdeko leku eta arlo guztietan, herritarrek euskaraz normaltasunez bizitzeko aukera izatea nahi dugu. Gure herrialdea aberatsa da euskal kulturaren ekoizpenari dagokionean, euskal kulturgintzaren industriak eta euskalgintza munduko eragile sozialek proiektu asko Gipuzkoan garatzen baitituzte. Horiek bultzatzea eta berriak sustatzea ezinbesteko lana da. Emakumeen eta gazteen kultur ekoizpenari dagokion lekua aitortu nahi diogu, kulturari historian egindako ekarpena berreskuratzeaz eta aitortzeaz gain, gaur egungo kultur ekoizpenari bultzada berezia emanez.
8. MIGRAZIOA ETA ANIZTASUNA
Euskal Herrian migrazio fluxuak, joan-etorriak, etengabeak izan dira historian zehar. Gaur egun ere hala da; euskal herritarrak atzerriko lurretara joan izan gara eta beste lurralde batzuetatik etorri dira hona.
Gure iparra Euskal Herrian bizi garen guztion eskubide berdintasuna eta justizia soziala da. Euskal Herriak migrazio eta aniztasun politikak garatzeko tresna juridiko-politikoak behar ditu eta, horiek eskatzeaz eta aldarrikatzeaz gain, ildo horretan lan lerro zehatzak jarri behar ditugu abian. Horretarako ezinbestekotzat dugu Gipuzkoako egoera sakon aztertzea. Gazteriak problematika sozial berezitua du esparru horretan, eta gazte etorkinen egoerari aurre egiteko plan berezitua behar da. Beste hainbeste gertatzen da emakume etorkinen kasuan.
9. HEZKUNTZA
Hezkuntzak zerbitzu publikoa eman behar dio gizarteari, belaunaldi berrien hezkuntza eskubide guztiak bermatuz. Azken hamarkadetan lan handia egin da eskola munduan, adar eta eremu ezberdinetan. Gipuzkoan emaitzak onak dira, eta herritarrek euskarazko ereduaren eta euskal curriculumaren aldeko konpromiso nabarmena erakutsi dute. Norabide horretan, indar, baliabide eta lan tresna gehiago jarri behar ditugu hurrengo urteotan, hezkuntza herritarra, euskalduna eta kalitatezkoa bermatzeko. Era berean, euskal unibertsitatearen proiektuak isla izan behar du Gipuzkoan.
10. GAZTERIA
Gazteria gure herriaren etorkizuna da. Egungo errealitate sozialak eta instituzionalak sektore sozial horren iritzia baztertzen du, baina guk gazteek iritzia emateko eta erabakiak modu askean hartzeko eskubidea dutela defendatzen dugu. Bizitza sozialaren eta instituzionalaren arlo guztietan parte hartzeko eskubidea dute, iritzia emateko eta erabakietan parte hartzeko eskubidea. Eremu guztietatik gazteen indarra, konpromiso eraldatzailea, ekimen sortzaile eta eraikitzailea sustatzeko gaitasuna eta antolakuntza maila jendartearen etengabeko eraldaketarako aktiboa da.
Gipuzkoako Ezker Abertzalea
Gipuzkoako Eusko Alkartasuna
2010eko azaroaren 24, Donostian
'Gipuzkoan lortu arte' akordioko idatzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu