Atzo atxilotutako gizonak 21 urte ditu. Arratsaldean, andre batek Ertzaintzari deitu zion, eta salatu alabaren bikotekide ohiak bi tiro egin zituela haien etxepean. Jaurtigairik gabeko bi kartutxo zeudela egiaztatu zuen Ertzaintzak, eta gizonaren bila abiatu. Andreak poliziei esan zien etengabe mehatxatzen zuela harremana moztu zuenez geroztik.
Kalean aurkitu zuten gizona, eta hark eraman zituen agenteak arma bota zuen edukiontzira. Unean bertan atxilotu zuten.