Mikel Peruarena
Zutik gizonezkoak, hautsi gure kateak...». Ez da horrelako kantarik entzun oraindik, baina laster sor liteke. Han-hemenka, genero bazterketarik gabeko gizartea eraikitzeko gizonek duten lekuaz eta eginkizunaz hitz egiten duten ahotsak ugaritzen ari dira. Irudia ez da ohikoa, baina Santurtzin (Bizkaia) ikusi zen, urriaren 11n. Gizonek antolatu zuten protesta ekitaldia, Doccas Daviden hilketa gaitzesteko. Harrezkero, gizon taldea osatzen hasi dira Santurtzin, «sexismoa norbere burutik ezabatzeko jarduera pertsonal eta kolektiboa» garatzeko asmoz. Kateatuak sentitzen hasi dira gizonak.
Ibon Arrizabalagak hamar urte daramatza gizon taldeetan eta gizon taldeekin lanean: «Sumatzen nuen mutila izateagatik gauza batzuk ez zirela niretzat onak. Batzuetan ezin nuen ni neu izan, irainak, txantxak, jazarpena jasaten nituelako». Gizonen artean lehia dagoela eta lehian ezin dela ahul agertu azaldu du Arrizabalagak. Gizonek ezin dute inoiz beldurrik erakutsi, nahiz eta gehienek egoera beldurgarriak bizi dituzten: «Badaezpada ere, ez dezatela ikusi ni nolakoa naizen, ez naizela gizon indartsua, gizon irekia...». Gizon eredu horrekin gustura ez eta, gizonentzako taldeak bazirela jakin zuenean, «jo eta buruz» sartu zen Arrizabalaga. Egun, gizonentzako tailerrak dinamizatzen ditu, eta batetik bestera ibiltzen da lan horretan.
Gizon taldeak, Euskal Herrian, duela 20 bat urte hasi ziren sortzen, Arrizabalagaren esanetan. Orain dozenaren bat talde eta tailer egongo dira. Gorabeheratsua da haien bizitza, ordea: «Barrengorriak bezala, euri pixka bat egiten du, eta gero eguzkia, eta ateratzen dira taldeak, baina gero, 12 ziren lekuan hiru daude, eta 200 gizon zeuden lekuan 12 daude». Hala ere, gehituz doala deritzo Arrizabalagak. Joan den larunbatean elkarretaratzeak egin zituen Gizon Sareak -Irun, Hernani, Zarautz (Gipuzkoa), Ondarroa (Bizkaia) eta Gasteizko gizon taldeak elkartzen dituen koordinakundea-. Elkarretaratzeetan banatu zuten dekalogoaren zortzigarren puntuak hala dio: «Gizarte patriarkalak gizon bezala hazi eta hezteko ezarri dizkigun balio eta jokabide bortitzak, antidemokratikoak eta arriskutsuak guztiz alboratzeko konpromisoa hartzen dugu».
Presio eltzea lehertzean
Gizonei eskatzen zaizkien balio eta jokabideek lotura zuzena dute emakumeen aurkako indarkeriarekin, Arrizabalagaren ustez: «Gizonek beti itxura eman behar dugu dena dakigula, ondo gaudela, arrazoia daukagula... Eta horrela ez gaudenean, zalantzan gaudenean, nahiago dugu inork ez ikustea, eta etxean geratzen gara. Eta txarrena etxean ateratzen da». Kanpoan uso, etxean otso, esaera zaharrak dioenez. «Sanoa litzateke denok edukitzea leku bat presio eltzearen muturra pixka bat askatzeko eta lurruna botatzeko». Horretan saiatzen dira, besteak beste, gizon taldeetan, gizonek barruan duten presioa askatzen.
Gizonen artean ohikoa da oihu egitea, azkar hitz egitea, besteek moztu aurretik, Arrizabalagaren iritziz. Gizon taldeetan elkarrizketa sortzen da, eta hori gauza «berria» da gizonentzat: «Leku bat, non beste gizonek aditu egiten duten; hori ez da ohikoa».
Leku hori edukitzea garrantzi handikoa da ikasitako portaerak aldatuz joateko, Arrizabalagak dioenez: «Azken finean, dauzkagun ohitura txar horiek, korapiloak dira. Korapiloetan minak, tristurak, amorruak, pilatuz joan garen tentsio guztiak daude, ez digutenak uzten gauzei buruz pentsatzen». Korapiloak askatzeko emozioak erabiltzen saiatzen dira talde lanean; batzuetan, emozioen gaineko trebatze bereziak egiten dituzte.
Arrizabalagaren esanetan, gizonek aukera ugari galtzen dituzte nagusi diren ereduak jarraitzeagatik, laguntasuna edo hurbiltasuna, esaterako. Baina, batik bat, zein diren eta zer nahi duten, sen hori galtzen dute gizonek: «Gaztetako zer nahi genuen jakite hura, eta horren alde dena emateko prest egotea galdu ditugu».
Sexismoak eta bestelako zapalketek, oinarrian, gazteen zapalketa dutela uste du Arrizabalagak: «Umeek oso ondo dakite zer nahi duten, baina denok ikasi dugu hori ez dela posible, eta konformatu behar dugula besteek jarritako mugekin». Gazteak ez direla pertsona helduak eta, haien ordez, helduek erabaki behar dutela pentsatzen da: «Tratu hori onartu baldin baduzu, onartzen duzu gauzak beti izango direla zuk nahi ez duzun bezala; eta etsipen hori errotzen denean, zentzugabekeria pila bat onartzeko prestuago zaude, bestela onartuko ez zenituzkeenak, adibidez, sexuaren arabera ezberdin tratatuko dituzula pertsonak».
Zapalketa horiek onartzeko ikasitako bidea desegiteko, jolasa erabiltzen dute, sarri, gizon taldeetan. Jolasek beldurrak eta lotsak pizten dituzte, eta haien bidez emozioak askatu eta aztertu litezke. Dena den, jolasarekin oso ondo pasatzen egon arren, gizon talde batean beti egongo da galdera bera, Arrizabalagaren esanetan: «Ederki ari gara, baina noiz hasiko gara gauza garrantzitsuak egiten? Ondo pasatzea ez da garrantzitsua, ez dugu hori ikasi».
«Gizonen askapenerantz»
«Orain hasi gara gizonak talde bezala antolatzen eta talde horiek izan litezke feministen borrokaren laguntzaile, haiek nahi dutenean, eta nahi duten moduan; baina guk ere gure bidea daukagu egiteko, gizonen askapenerantz», dio Arrizabalagak. Feministen ekina eta gizon taldeena paralelotzat jotzen ditu, osagarritzat, baina ez du uste nahastu behar direnik. Lehendabiziko gizon lantegiak antolatzea ere feministen erabakia izan dela adierazi du: «Beraientzako diren baliabideak bideratu dituzte horretara, baina egoera horrek ezin du iraun. Gizonekin egin beharreko lana beste bide batetik ordaindu behar da, ez emakumeei kendutako dirutik».
Gizonen kateak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu