Grande Marlaskak kartzelara bidali ditu beste bederatzi gazte; denera, beraz, 35etik 31

2009ko azaroaren 28a
21:03
Entzun
Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak gaur hartu ditu aste honetan atxilotutako 35 gazteen artetik azken 11k, eta kartzelara bidali ditu bederatzi: Mikel Arkaitz Totorika, Jagoba Apaolaza, Aitor Liguerzana, Unai Ruiz, Ibai Esteibarlanda, Euken Villasante, Aritz Lopez, Maialen Eldua eta Garazi Rodriguez.

Joseba Dalmau eta Iker Martinez libre utzi ditu, baldintzapean: aurrenak ezingo du Espainiako Estatua utzi eta astero joan beharko du auzitegira, eta bigarrenak, berriz, deitutakoan azaldu beharko du auzitegira.

Martinez gaur bertan atzeman dute, Madrilen, bere kabuz epailearen aurrera zihoala. Auzitegi Nazionalaren atarian atxilotu dute, berri agentziek esan dutenez.

Segi gazte erakundeko kide izanda, "erakunde terroristako kide" izatea leporatuta Grande Marlaskak 35 atxilotuetatik espetxera bidali ditu 31, baldintzarik gabe denak: ostegunean Amaia Elkano, Mikel Eskiroz, Itxaso Torregrosa, Jon Ziriza, Bittor Gonzalez, Jon Liguerzana, Goizane Pinedo, Aritz Petralanda, Eñaut Aiartzaguena, Oier Ibarguren eta Mikel Aiestaran, atzo Garbiñe Urra, Oier Zuñiga, Nahia Aguado, Idoia Iragorri, Nestor Silva, Zumai Olalde, Aitziber Arrieta, Eihar Egaña, Xumai Matxain, Irati Mujika eta Jon Anda, eta gaur, berriz, hasieran aipatutakoak. Alcala Meco eta Soto del Real Espainiako espetxeetara bidali zituzten herenegungoak eta atzokoak.

Oihana Fernandez eta Raul Iriarte aske utzi zituen epaileak ostegunean. Hala ere, Segi lagunduta "talde terrorista laguntzea" egotzi zien eta beraz, baldintzapean utzi zituen libre.

Polizien esku inkomunikatuta egon diren egunetan tratu txarrak jasan dituztela salatu dute epailearen aurrean ostegunean deklaratu zuten gazteek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.