Presoak

Harriet Iragi mehatxuak egotzita epaitu eta errugabetu egin du Auzitegi Nazionalak

2006ko urriaren 26a
19:32
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Salako laugarren sailak errugabetu egin du Harriet Iragi euskal presoa. Kordobako espetxeko hiru funtzionariori mehatxu egitea egotzita bi urteko espetxe zigorra eskatu zuen astelehenean Luis Barroso fiskalak.

Espainiako Auzitegi Nazionalaren epaiaren arabera, fiskalak Iragiri egozten dizkion egintzak espetxeko disziplina esparruari dagozkio. Hala ere, epaiak gaineratzen duenez egintza horiek ez lukete zigor izaerarik izango. Izan ere, Espainiako Auzitegi Nazionalaren ustez erabili zituen esapideak ez ziren "mehatxu terroristak" izan.

Harriet Iragi euskal presoaren aurka bi urteko espetxe zigorra eskatu zuen astelehenean Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskal Luis Barrosok. Hiru espetxe funtzionarioei mehatxu egitea egotzita egin zuen eskaera hori. Astelehenean egin zen epaiketan eskaera berretsi zuen fiskalak. Iragik uko egin zion deklaratzeari, eta ustez mehatxatu zituen hiru espetxe funtzionarioak deklaratu zuten ostean. Defentsak absoluzioa eskatu zuen mehatxu egin zuen frogarik ez dagoela argudiatuta.

De Juana epaituko dute bihar mehatxu terroristak egin zituelakoan

Bi urteko espetxe eskaera hori eta ostiralean epaituko duten Iñaki de Juana presoaren kontrako eskaera erabat kontrajarriak dira. 96 urteko espetxe eskaera egin zuen hasiera batean Fiskaltzak De Juanaren aurka Gara egunkarian argitaratutako bi iritzi artikulutan espetxe erakundetako arduradunak mehatxatzen zituela iritzita. Zigor eskaera berrikusiko zuela esan zuen gero, eta epaiketaren egunean ezagutuko da zein eskaera egiten duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.