Abeltzaintza Ekoizpeneko katedraduna da Antonio Purroi; Antonio Perez Prados errektore ohiaren ingurukotzat dute unibertsitatean, haren taldearen ordezkaritzat aurtengo hauteskundeetan. Bere lan taldea jendaurrean aurkeztu du jada. Egungo egitura berritzeko asmoa agertu du.
Unibertsitate berritua, eta denentzat
Berria. Hiru hitz aipatzen ditu Purroik egin nahi duen unibertsitate berri eta berrituari buruz: dinamikoa, berritzailea eta konprometitua. Berritasuna, batez ere, Irakaskuntza Nagusien Europako Espazioaren eskutik ailegatuko da, Purroiren hitzetan.
Irakasleak eta kalitatea. Unibertsitateko ardatz nagusitzat jo ditu Purroik irakasleak. Irakaskuntzaren kalitatea lortzeko, bete beharreko hiru gako jaso ditu bere programan irakasleen arloan: berdintasuna, meritua, eta gaitasuna. Eskolak ematea, ikertzea eta kudeatzea jo ditu irakasleen helburutzat. Langile talde berria eratzea, irakasleak zentro batetik bestera mugitzeko baldintzak malgutzea, eta lan baldintzak hobetzea aipatu ditu hartu beharreko neurrien artean.
Ikerketa. Unibertsitateko ikerketa plana egiteko aukera jasotzen du programak. Egun dauden ikerketa zentroak egitura beraren azpian bildu nahi ditu Purroik, eta beste berri bat egin, elektronikaren eta telekomunikazioen esparruko ikerketari buruz.
Kudeaketa. Negoziazioa proposatzen du Purroik NUPeko administrazioko eta zerbitzuetako langileekin. Komunikazioa eta prestakuntza nabarmendu ditu, halaber. Bere lan taldean, errektoreari atxikitako bi pertsona aurreikusten ditu, bat garapena laguntzeko, eta bestea Tuterako campuserako.
Euskara.Nafarroako hizkuntza dela erran du Purroik, eta alde dagoela. Bere programako 38 orrietatik bat betetzen du hizkuntzaren aferak. Unibertsitateko kideek euskara erabiltzeko duten eskubidea jasotzen du Purroik bere programan. Irakasgaiei buruz, hauxe dio: «Euskarazko irakasgaien eskaintzari eutsiko diogu eskaera eta baliabideak dauden bitartean». Plan estrategikoa bete, eta haren jarraipena egin behar dela gaineratu du. Purroik euskara eta euskal kultura ikertzeko eta zabaltzeko katedra berezia egin nahi du, programaren arabera.
HAUTAGAIAK. Antonio Purroi, egitura berritzeko asmoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu