Aljebrako katedraduna, eta unibertsitatean sartzeko proben koordinatzailea. Horixe da egun Julio Lafuente errektoregaia. Hainbat errektorerekin aritu da aurretik, tartean Antonio Perez Pradosekin, Juan Garcia Blascorekin eta Pedro Burillorekin. Esperientzia eta profesionaltasuna azpimarratu ditu Lafuentek, hain zuzen ere.
Pertsonen unibertsitatea
Irakasleak, ikasleak, langileak. Horiek dira unibertsitatea osatzen eta martxan jartzen duten pertsonak, Lafuenteren programaren arabera. Bakoitzaren jardueraren profesionaltasuna eta haien parte-hartzea nabarmendu ditu errektoregaiak. Egungo egiturak berritzeko beharra azpimarratu du, baina ez du bere taldea nola osatuko duen aurreratu. Administrazioko eta zerbitzuetako langileen zereginari eta haien lan baldintzei buruz, zabalik dagoen eztabaida konpontzea premiazkotzat jo du.
Ikasketak.Irakaskuntza Nagusien Europako Espazioak izanen duen eragina jasotzen du Lafuenteren programak. «Titulazioen mapa aldatuko da laster; 2008tik 2011a bitarte egin beharreko lana da hori». Giza baliabideak profitatzea, eta ezagutzaren gizartea bultzatzea jo ditu helburutzat.
Ikerketa.NUPeko ikerketa lanak bultzatzeko eta urratsak egiteko beharra jasotzen du Lafuentek bere programan. Beste unibertsitateekin eta enpresekin elkarlana egiteko aukera azpimarratzen du, halaber, bai eta ikerketaren arloko lanak ebaluatzeko beharra ere. Ebaluazio lan hori barrutik zein kanpotik egin beharko litzateke, Lafuenteren arabera.
Gizartearekin konpromisoa.Arlo horretan, hainbat lan ildo: ezintasunak dituzten pertsonekiko arreta; baliabide ekonomiko urriko ikasleek unibertsitatean sartzeko aukera izan dezaten bideak jorratzea; lana eta familia uztartzeko politikak bultzatzea; ingurumenaren aldeko neurriak.
Euskara.Ez du toki berezirik Lafuenteren programan. Unibertsitateak euskara plana onartu berri duela azpimarratu du, eta bete egin behar dela. Arazo ez, baizik eta konponbidea izan behar duela euskarak erran du errektoregaiak.
HAUTAGIAK. Julio Lafuente, "pertsonen unibertsitatea" proposamen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu