HEMEROTEKA

2006ko abenduaren 12a
10:24
Entzun
Txileko prentsak zabal jorratu du diktadore ohiaren heriotza. Augustu Pinocheten irudia egunkari guztien azalean agertu zen atzoko aleetan. Eguneroko nagusiek gehigarri bereziak eman dituzte argitara diktadorearen ibilbidea jasoz. Hona hemen ildo politiko erabat ezberdina duten bi egunkariren editorialak.

EL MERCURIO

Augusto Pinochet Ugarte

Augusto Pinochet Ugarte Errepublikako presidentearen eta armadako komandante buruaren heriotzarekin XX. mendeko Txileko historia markatu zuen pertsona ospetsuenetako bat desagertzen da. Objetiboki, munduko historia garaikidean eragin handiena izan duen txiletarra izan da, eta horrela berresten du, onerako eta txarrerako, heriotzaren unean bere bizitzak munduko komunikabide nagusietan eragin duen eztabaida.

(...) Epaiketak aldekoen eta kontrakoen artean zatikatuta daude, bateraezinak diren miresleen eta aurkarien artean. Saihestezina da hori 1960. urteen erdialdean gizarte txiletarra zatikatu zuten gorroto sakonak direla eta. (...) Egun, edozein ebaluazio positiboa eskasa izango da batzuentzat eta onartezina besteentzat, eta kontrako gertatuko da ebaluazio ezkorra egitekotan. (...) Pinochet ikur eta buru izan zuen esku-hartze militarrak krisi sakon batek sustatu zuen eta, une horretan, gehiengo argi baten borondatea islatu zuen, gerora bere aurkari sutsuak izan baziren tartean. Gizarte zibilak bide konstituzional eta politikoetatik gainditu ezin izan zuen irtenbiderik gabeko gatazka baten testuinguruan parte hartu zuen armadak. Pinochetek eta bere parekoek kontroletik at zegoen krisi baten hartu zuten parte. Ekimen horrek, munduaren onarpen eza eta bere irudiari kalte handia eragin bazituen ere, gerra zibil bat -dudarik gabe oso odoltsua izan zatekeena- edo totalitarismo batean erortzea saihestu zuen.

Pinochetek gobernu autoritario bat zuzendu zuen bere jarraitzaileen ustetan, eta gobernu diktatorial bat bere aurkarien hitzetan. Gobernu horren betiereko ondarea gizakien askatasunean eta ondasunen eskubidean oinarritutako eredu bat martxan jartzea izan zen, hainbat hamarkadaz ahaztutako baloreak. Gobernu militarra, zailtasun handiko etapak tartean, instituzionalitate politiko berri batera iritsi zen, 1980 urteko Konstituzioarekin berretsi zena eta 1990. urtetik aurrera boterea oposizioaren esku hartzea baimendu zuena, oposizioak berak ezarritako epeak eta prozedurak betez -aurrekaririk ez duen zerbait-.

La Nación

Inoiz gehiago ez Pinochet

Soldadu ona ere ez zen izan. Ez zion soilik presidenteari traizionatu. Aberriarentzat zailak ziren orduetan, berarengan konfiantza jarri zuten arma adiskideei ere traizionatu zien.

(...) Hil ondoren bada ere, ezin daiteke diktadoreekin txikikeriatan ibili. Pinochet horietako bat izan zen. Baina gure historiako iraingarriena. Kontzientzia batzuk lasaitzeko erabili diren aitzakientzako ez dago lekurik. Ekintzak hor daude eta txiletar guztiak dakizkigu.

Zein aitzaki erabili daiteke milaka hildako, atxilotu, desagertu, torturatu, erbesteratu, umiliatu eta desplazatuentzat? Bakar bat.

(...) 1973.ko irailaren 11ko astearte opaku hartatik, asko izan ziren bart gauean lehen aldiz bakean lo egin zutenak. Bereziki pertsona xume eta apalak, Salvador Allende presidentearen gobernuarengan mundu hobe baten aukera ikusi zutenek.

(...) Diktadorearen nolabaiteko ondarea aldarrikatzea bilatuko dutenak egongo dira. Baina ez dago. Ikusi dugu. Pinocheten aurrean soilik balantze etikoa da baliagarria. (...) Gorrotoa gurtu dutenak garaitu ditu bizitzak. Bizirik irten direnak irabazi dute. Inoiz gehiago Pinochet
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.