Alakrana-ko senitartekoek agerraldia egin dute gaur Bermeon (Bizkaia) eta ontziaren askapenaren berria "pozez" hartu dutela adierazi dute, nahiz eta senideak etxean izan arte "poz hori ez da erabatekoa izango". Haien ustez, bahiketarekin amaitzeko "herritarren, udalen, erakunde batzuen eta [Etxebastar Fleet] enpresaren laguntza ezinbestekoa izan da". Etxebastar Fleet enpresako Alakrana ontziak 47 egun egin ditu Indiko Ozeanoan piraten esku bahituta.
Argi Galbarriatu itsasontziko kapitainaren, Iker Galbarriaturen, arrebak adierazi duenez, askapenaren berri Etxebastar Fleet enpresak eman die, eta ondoren, Espainiako Gobernuak. Azaldu du anaiarekin telefonoz hitz egin duela eta berria "ezin sinistu" dagoela. Galbarriatuk gaineratu du arrantzaleak ziurrenik etzi iritsiko direla Seychelle uhartera eta han bi egun inguru igaro ditzaketela, "etxera itzuli aurretik".
Xabier Legarreta Bermeoko alkateak eskerrak eman ditu bahiketak iraun duen 47 egunetan jaso duten babesagatik eta orain, "senitartekoak errespetatzeko" eskatu die komunikabideei.
"Herritarren, udalen, erakunde batzuen eta enpresaren laguntza ezinbestekoa izan da bahiketarekin amaitzeko"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu