Hiru gatazka herrialde bakarrerako

Leire Ventas

2009ko martxoaren 5a
16:51
Entzun
Afrikako herrialderik handiena da Sudan, baita askotariko etnia duena ere. Arabiar jatorriko musulmana izan edo kristau afrikarra, ehunka etnia eta talde tribaletakoak dira sudandarrak -39 milioi, 2008ko NBEren erroldaren arabera-: kababishak, rubatabak, manasirrak, shaikijak, bagarak... Baina herrialdeak badu bestelako errekorrik ere: kontinenteko liskartsuenetakoa da. Hona hemen Sudango hiru gatazka handiak:

1. Darfur, mendebaldean

Marjinazioa eta pobrezia zela eta, Omar al Bashirren gobernuaren kontra altxatu ziren 2003ko otsailean Berdintasunerako eta Justiziarako Mugimendua eta Sudanen Askapenerako Mugimendua. Janjauid izeneko paramilitarrek egin zioten kontra. Haiek babestea leporatu diete Sudango agintariei. Khartumek ezeztatu egin du, baina armak eman dizkiete eta armadaren laguntzarekin fur, zaghawa eta masalit etniakoei eraso egin diete milizianoek. Bost urteko gatazkak 300.000 hildako eragin ditu jada, eta milioi eta erdi darfurtarrek euren etxeak utzi behar izan dituzte.

2. Ipar-hego gatazka

Duela lau urte amaitu zen, teorian, Hegoaldeko Sudango gatazka; eskualdeari autonomia aitortzen zion 2005eko otsailaren 19ko bake akordioarekin. Aurretik, ordea, bi gerra zibil izan ziren. Lehenengoak hamazazpi urte iraun zuen, 1955etik 1972ra. Addis Abebako hitzarmenaren ondoren, hamar urteko bakea izan zen Hegoaldeko Sudanen. 1983an Jafar Numeiri presidenteak estatu federala osatu zuen eskualdean, eta aurrerago desegin. Orduan lehertu zen bigarren gerra zibila. Independentziarako erreferenduma egingo dute 2011n.

3. Ekialdeko borroka

Urtebeteko gatazka izan zen: 2005etik 2006ra. Ekialdeko Fronteak eta Khartumek eskualdeko baliabideak banatu zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.