PP Alderdi Popularreko hautagai Antonio Basagoitik gaur Radio Euskadiri adierazi dio bere alderdiak ez diola hauteskundeen ondoren PSE-EEko buru Patxi Lopezi sostengua emateko, honek "Montillakada emateko edo estatutu erreformarako Ibarretxe plan bat egiteko asmoa duela iradokita. "PSE-EEk ez du gure babesa nahi, EAJrekin doalako", zehaztu du. Lopezek Jose Montilla haren alderdikideak Katalunian egin zuena, alegia hiruko gobernua osatu, "hemen ere" egin nahi duela salatu du Basagoitik.
"Uste dut berari loteria tokatzen bazaio, Lopez izateko askotxo dena, Montillarena egitea gustatuko litzaiokeela, eta EA, Aralar eta besteekin joatea. Loteria tokatzen bazaio, eta horixe da litekeena, EAJren kide izatea gustatuko litzaioke, eta kide merkea izango litzateke, azken lau urteetan Gasteizko legebiltzarrean izan den bezala, edota EAJ [Espainiako Gobernuko presidente] Zapaterorekiko Madrilen izan den bezala".
PSE-EEko hautagaia kritikatu duen arren, haren aldetik botoa onartuko lukeela azaldu du Basagoitik: "Nik onartuko nuke Lopezek niri sostengua ematea, nik ez dudalako EAJrekin gobernatuko, benetako aldaketara noalako, alternatiba batera. Hortaz, nik bai onartuko nituzkeela Lopezen botoak lehendakari izateko. Ni fidatzeko modukoa naiz, eta bera ez da fidatzekoa".
"Uste dut ona litzatekeela PP-PSE akordioa, baina ez da posible, PSE-EE nazionalistekin dagoelako", erantsi du PPko hautagaiak.
"EAJri ez zaio Ibarretxe plana berriz mahai gainean jartzea interesatzen, eta sozialistek ez dute inola ere hitz egin nahi gobernatzeko dituzten asmoez; ekinbide politikoarekiko dagokionez, hauteskunde kanpaina hondoratzen ari dira", kexatu da Basagoiti, oraingo kanpaina "zozoa" gertatzen ari dela esanez.
Nabarmendu duenez, "nazka" ematen dio "PPren izena aberasteko erabiltzen duten hiruzpalau lapur egoteak, baita egoera tamalgarri horretaz aprobetxatzen denik egoteak ere". Espainiako PPn izandako ustelkeria eskandaluez mintzatu da horrela.
Atzo PPren EAEko buruak Lopezi erronka bota zion, eta bozen ondotik Ibarretxerekin ituna ez duela egingo berma dezan, "notario aurrean agiria sinatzea" galdegin zion hari.
Gainera, esan zuen "kolpe batez kendu" nahi duela "Osakidetzan lan egiteko euskararen exijentzia", eta EAEko osasun erakundean 5.200 lanpostu berri eratzeko asmoa duela azaldu zuen.
Hiruko gobernua osatzeko edo "estatutu erreformarako 'Ibarretxe plan' bat egiteko ez" du Basagoitik Lopez sostengatuko
PPko hautagaiaren iritziz, PSE-EEk ez du bere babesa nahi, "EAJrekin doalako". PSE-EEko hautagaiak Jose Montilla haren alderdikideak Katalunian egin zuena, hiruko gobernua osatu, egin nahi duela salatu du Basagoitik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu