Azkar eratuko du gobernua Patxi Lopezek. Tramite guztiak aste honetan egingo dituzte.
Bihar lehendakariaren izendapena sinatuko du Espainiako Errege etxeak. Ohikoa izaten da Eusko Legebiltzarreko presidenteak Espainiako erregeari eskura ematea inbestidura saioaren ziurtagiria, honek izenpetu dezan. Baina Juan Carlos I.a erregea egunotan bidaia ofizialean dagoenez, Eusko Legebiltzarreko legelari batek eramango du Madrilera lehendakariaren izendapenaren agiria, eta erregeak Espainiak Rigan (Letonia) duen enbaxadan sinatuko du.
Etzi egingo du lehendakari karguaren zina Lopezek. Gernika-Lumoko (Bizkaia) Juntetxean izango da ekitaldia, eta egun horretan jakinaraziko ditu Jaurlaritza berria eratuko duten sailburuen izenak.
Ostiralean gobernu berriaren aurkezpena egingo du. Ajuria Enean.
Larunbatean bilduko dira lehen aldiz sailburu guztiak. Aurreneko gobernu kontseiluaren bilera izango da.
Igandean Madrilen izango da Lopez. PSOEren ekitaldi handi batean hartuko du parte Lopezek, Jose Luis Rodriguez Zapatero PSOEko idazkari nagusi eta Espainiako Gobernuko presidentearekin batera.
Hurrengo pausoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu