Mikel Aranak (EB-IU) argi esan du Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren erabakiak ez duela harritu. Berari harridura sortu zion bakarra Espainiako Gobernuak eta Fiskaltzak HZren zerrenda inpugnatzea izan zen, eta hortik aurrera gertatuko zena argi ikusten zuela azpimarratu du. Batasuna Batasuna dela eta HZ HZ dela argi utzi nahi izan du, eta Konstituzionalak HZ legez kanpo ez duela utzi esan arren ez diotela hauteskundeetan parte hartzen utzi salatu du.
EAko Xabin Intxaurrak HZren baliogabetzea salatu du, eta "akatsa" alderdien legean dagoenez, legea aldatu ezean horrela jarraituko dugula azpimarratu nahi izan du. Gainera, salatu egin du "lege horren arabera" adibidez GALen kasuetan zigortutakoei beraien babesa erakustera kartzelara joateak inolako ondoriorik ez ekartzea "batzuei", eta beste batzuk berriz ezin direla hauteskundeetara "aurkeztu ere egin". Gainera HZkoak eta Batasunakoak etakideak balira kartzelara sartu behar liratekeela esan du, eta ez boto eskubidea kendu.
Pernando Barrena ez du "ustekabean harrapatu" Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren erabakiak. Epaiak "oinarri gezurtia" duela uste du. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak esan du HZk legea betez gero baduela aurkezteko eskubidea, eta hain zuzen ere, Barrenaren iritzian HZk legea betetzen du, eta hori Espainiako Hauteskunde Batzordeak erakutsi zuen, hautagaitza onartu zuenean. Barrenak guzti honetatik ateratzen duen ondorioa egoera "anormal" batean gaudela da. Gainera, jokoan zegoen gauza "garrantzitsuena" Espainiako Gobernu aldaketak ekarri zezakeena ikustea zen, eta PSOE ez dela ondo hasi azpimarratu du.
PSE-EEko Ramon Etxezarretari "etorkizunerako ikara" sortu dio "gustatzen" ez zaion "modu batzuetara" itzultzeak. "Arazoa" legea dela esan du, eta legea hor dagoen bitartean "horrela" ibili beharko dela.
Gizartearen zati garrantzitsu bat hauteskundeetan "lekurik gabe" geratu dela esan du Markel Olanok (EAJ). Oinarrian arazo demokratiko bat dagoela eta konpontzeko ahalegina egin behar dela azpimarratu du. Espainiako demokraziaren osasuna "oso makala" dela salatu behar da bere aburuz.
Ipar Euskal Herriaren HZ legezkoa izatea eta Hego Euskal Herrian baliogabetzea kontraesana irudi zaie, baina hori zergaitik gertatzen den esaterakoan ez dira ados agertu.
Barrenaren iritzian Europan bertan demokraziak eta demokraziak daudela ikusten da, eta Espainiakoa "demokrazia transgenikoa" dela esan du: "itxura ona eman arren benetako mementuetan suspenditu egiten dutela".
Etxezarreta desados agertu da Barrenarekin, eta HZ bi lekutan egoera desberdinean egoteak "Europa batuaren proiektua berde dagoela erakusten du", eta argi uzten du "herritarren Europatik" hurrun gaudela eta estatuen Europan gaudela.
Egindako azterketak iraganekoak direla eta aro berri baten aurrean gaudela esan du Intxaurragak. Hurrengo hauteskundeetan antzekorik gerta ez dadin masa kritiko bat sortu behar dela uste du.
HZ baliogabetzearen erantzulea alderdien legea dela uste dute Barrenak, Olanok, Aranak, Intxaurragak eta Etxezarretak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu