'Egunkaria Auzia'

Iñaki Uria askatzeko eskaera berretsi du defentsak, salaren aurrean

2004ko apirilaren 28a
19:45
Entzun
2004-03-23

Eider Goenaga-Donostia

Iñaki Uriaren abokatuek hura askatzeko eskaera berretsi zuten, atzo, Espainiako Auzitegi Nazionaleko 1. Salaren aurrean. Uriaren askatasun eskaerari buruzko helegitea aztertzeko auzi saioa egin zuten atzo sala horretan. Fiskaltzak, aurreko saioetan egin izan duen bezala, Uriak preso segi behar duela iritzi zion.

Abenduaren 24an Juan del Olmo epaileak Iñaki Uria askatzeko eskaera atzera bota zuen, eta horri erreforma helegitea aurkeztu zioten abokatuek. Helegite horri ere ezezkoarekin erantzun zion Del Olmok; eta, dei helegitea jarrita, afera Auzitegi Nazionaleko 1. Salara pasa zen. Salak, behin parteen argudioak entzunda, datozen egunetan erabakiko du; edo Del Olmoren erabakia atzera bota eta Uria aske uzten du, edo epailearen erabakia ontzat jo eta Uriak behin-behinean preso jarraitzeko agintzen du.

Egunkaria auzia-n atxilotutakoetatik bi lagun daude espetxean oraindik. Xabier Alegriaren kasuan epaileak baldintzapean aske uztea onartu zuen, nahiz eta bazekien ezin zuela espetxetik atera, Udalbiltzaren sumarioagatik espetxeratze agindua zegoelako. Alegriak eta Uria urtebete eta hilabete daramate preso.

Argudioak

Uriak preso jarraitu behar duela erabakitzeko garaian, Del Olmok bi arrisku aipatu ditu azken bi autoetan: ihes egiteko arriskua eta delitua berriro egitekoa. Defentsako abokatuek atzo argudiatu zuten Uriaren «ibilbide profesionalak» eta «gizartean duen sustraitzeak» baliorik gabe uzten dutela arrisku hori, eta gauza bera dioten 40 pertsona ezagunen testigantzak aurkeztu dituztela gogorarazi zioten salari. Bestetik, «ezinezkotzat» jo zuten delitua berriro egitea, Egunkaria likidazio prozesuan dagoelako, eta epaileak duela likidazioaren kontrol osoa.

Fiskalak, berriz, egozten zaizkion delituen larritasunak Uria ihes egitera bultzatu dezaketela argudiatu zuen; baina, delituak errepikatzeari buruz ez zuen aipamenik egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.