Eusko Jaurlaritzaren Estatutu proposamena

Ibarretxe: "Hasitako bideak ez du atzera bueltarik; herri galdeketarekin amaituko da"

2004ko abenduaren 30a
19:58
Entzun
Goizeko bederatzi eta erdietan hasi da Eusko Legebiltzarrean Eusko Jaurlaritzaren Estatutu proposamenaren (Ibarretxeren Plana ere esaten zaio) behin betiko testua eztabaidatzeko eta bozkatzeko osoko bilkura. Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxek abiatu du eztabaida, eta hark azpimarratu duenez, "hasitako bideak ez du atzera bueltarik", eta prozesu guztia "erreferenduma egindakoan amaituko da". Nolaranahi ere, ezustekorik gertatu ezean, Planak ez du lortuko aurrera egiteko adinako babesik. Eztabaidan hasi aurretik, bozketa ahoz egitea erabaki dute.

Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxek hartu du hitza aurrena, Estatutu Berrirako Proposamenaren eztabaidan. Hark azpimarratu duenez, "hasitako bideak ez du atzera bueltarik", eta "herriari hitza" emango zaiola baieztatu du.

Legebiltzarrean proposamena onartzeko adina boz ez badituzte ere, "euskal gizartearen" gehiengoa Ibarretxeren planaren alde dagoela uste duela azaldu Ibarretxek, ziur. Horregaitik, beste behin esan du, ez berak eta ez gizarteak, "ez duela ulertzen PPk, PSOEk eta Batasunak nola ukatzen dioten herritarrei beren etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzea".

Ibarretxek argi utzi nahi izan du, bere proposamena ez dela "haustura ekarriko duen proiektua". "Euskadiren independentzia" ere eskatu zezakeela esan du, baina bere proposamenak ez dakarrela horrelakorik azpimarratu du, "elkarbizitza oinarritzat hartutako egitasmoa" delako.

Nahiko botorik ez

Estatutua erreformatzeko ekimena denez gero, gehiengo osoa (38 boto) behar du Hirukoak egitasmoa onartzeko: Legebiltzarreko 75 kideetatik, EAJk, EAk eta Ezker Batuak 36 boto dituzte, eta PPk, PSE-EEk, eta Sozialista Abertzaleak taldeek 38. Hori horrela, Hirukoaren botoak ez dira nahikoak izango proposamena aurrera ateratzeko, eta legebiltzarkide baten batek, ezustean, hutsegiterik ez badu egiten botoa emateko orduan, SA taldearenjarrera erabakiorra izango da Estatutu berria onartzeko ala atzera botatzeko.

Plana onartu ala ez, gaurko bozketa tramitazio luze baten azken fasea izango dela esan daiteke. Ibarretxe lehendakariak 2003ko irailaren 26an aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean Estatutu politiko berrirako proposamena; bere xedea, «Euskadik Espainiarekin atxikimendu librean oinarritutako estatusa lortzea». Politika orokorreko eztabaidan iragarri zuen moduan, Jaurlaritzak Estatutuaren erreforma lege-egitasmo gisa onartu zuen. Legebiltzarraren esku utzi ondotik, tramitazio parlamentarioari ekin zitzaion, gaur artean. Gaur egitasmoa onartuko balitz, Espainiako Gorteetara igorriko litzateke, hark onar dezan. Azkenik,Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrek berretsi beharko lukete herri galdeketa bidez.

Nolanahi ere, egitasmoak aukera gutxi ditu aurrera ateratzeko. Izan ere, Sak hasieratik esan du Ibarretxeren Planak ez duela balio gatazka gainditzeko, eta hala berretsi zuen atzo Pernando Barrena Batasuneko mahaikideak. PPk eta PSEk, berriz, adostasun nahikorik ez duela eta “haustura” eragiten duela argudiatu dute kontrako jarrerari eusteko.

Hain zuzen ere, asteartan aurrekontuen bozketan PSEko legebiltzarkide batek botoa emateko tresna elektronikoarekin izan zituen arazoak direla eta, PPk eta sozialistek gaurko bozketa sistema elektronikoarekin barik izenezko bozketaren bidez (legebiltzarkideak banan-banan deituz) egiteko eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.