Ituna onartzeko Lisboan gainditu dituzten oztopoak

2007ko urriaren 19a
10:43
Entzun
EBko Erreforma Ituna onartzeko atarian, hainbat herrialdek Konstituzio testuarekin guztiz bat ez datozela eta aldaketa batzuk egitea beharrezko dela diote. Besteak beste, honako hauek dira Konstituzio berria indarrean jarri nahi badute 27 estatuek gainditu beharko dituzten oztopoak.

Parlamentuko eserlekuak

EBko Erreforma Itunak 2009 eta 2014 legealdian Europako Parlamentuak izango duen banaketa aurreikusten du. Populazioaren araberako eserlekuak izango dituzte herrialdeek bertan, nahiz eta biztanle gutxien duten estatuei dagozkien baino diputatu gehiago izateko aukera emango dien. Erreforma honekin Italiak Frantzia eta Erresuma Batuarekin egun duen parekotasuna galduko du, eta horregatik, Parlamentuko eserlekuak banatzeko italiar naziotasuna duten herritarrez gain Italian bizi diren guztiak zenbatuko dituen sistema eskatzen du.

Ioannina konpromisoa

Poloniak Ioannina konpromisoari indar loteslea emateko eskatzen du. Hala egiten ez bada Konstituzio berria ez onartzeko mehatxua egin du, gainera. Ioannina izeneko sistemak legez ezartzen den gutxiengorik gabe EBak hartutako erabaki bat blokeatzeko aukera ematen du. Datorren igandean egingo dituzte Polonian Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta Lech Laczynski presidente poloniarrak bozak irabazi nahi baditu, Ioannina konpromisoa jasotzen duen Konstituzioa lortzeko ahaleginak egin beharko ditu.

Euroa Bulgarian

Bulgariak euro hitza alfabeto zirilikora itzultzeko eskatzen du. Bulgarian, euroa beharrean, evroa erabiltzen dute.

Europako Parlamentua

Europako Parlamentuak bi eskari egin ditu. Lehenengoa datu pribatuei dagokiona da, zeinak erreformak bere eskumenetik eta Justizia Auzitegitik kanpo uzten duen. Bigarrena, berriz, EBko goi karguen izendapenari dagokio. 2009an aukeratuko diren presidente egonkor, goi ordezkari eta Batzordeko presidentearen izendapenek kezkatzen dute Parlamentua. Lehenengo bi karguak ituna indarrean sartu bezain laster izendatuko lirateke -2009ko otsailean, dena ondo badoa-. Batzordeko presidenteak, ordea, urrira arte ezingo luke bere kargua hartu.

Unibertsitateak

Austriako unibertsitateetan atzerritarrei ikasteko aukera mugatzea nahi du Vienak. Batzordea auzi hori konpontzeko bidean da.

Subsidiariotasuna

EBko estatuek Batzordeari lege proposamen bat bertan behera utzarazteko ahalmena izan dezaten eskatzen du Txekiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.