Izaskun Larruskain (Jaizkibel konpainiako kapitaina): "Deskribaezina da alabekin desfilatzean sentitzen dena"

2013ko irailaren 6a
16:29
Entzun

Izaskun Larruskain Jaizkibel konpainia parekideko kapitaina da (Hondarribia, 1966). Hainbat urte daramatza alardean parte hartzen, eta bi hitz nahikoak ditu desfilatzean sentitzen duena laburtzeko: "Zoragarria da".

Nola doaz prestaketa lanak?

Aurten danbor errepika eta txilibitu tailerrak prestatu ditugu, haurrak upelgile izatetik txilibitura pasatzeko. Bestetik, helduon aldetik eguna antolatzea izaten da lanik handiena, zein ordutan aterako garen, kantinerarekin ere azken momentuko zenbait gauza prestatzen gabiltza...

Zer esan nahi du zuretzat Jaizkibel konpainiako kapitaina izateak?

Aurten kapitaina izango naizen bigarren aldia da, eta egia esan, iaz izar-laino batean bezala egon nintzen. Aurten, desberdina izango da; urte osoa eman dugu lanean, eta kontzienteago izango naiz. Niretzat ohore handia da.

Zenbat denbora daramazu Jaizkibel konpainiarekin desfilatzen?

Jarraian izan ez arren, hamar bat urtez atera naiz. Hasieratik egon naiz konpainiaren alde, baina hasieran ez nuen parte hartzen lanagatik eta alabengatik. Jada koskortuta, familia guztia ateratzen gara alardean.
Nola aukeratzen dituzue karguak?

Batzarren bitartez. Tenientea eta kapitaina lau urterako aukeratzen dira, bozketa bidez. Kantinera, berriz, zozketa bidez aukeratzen dugu, neska guztiek aukera berak izan ditzaten: nahi duten guztiek eman dezakete izena.

Zergatik da hain garrantzitsua irailaren 8a?

Familiarekin jai giroan elkartzeko eguna da: oso berezia da.

Azken hogei urteotako gatazka ere hor dago; nola bizi izan duzu zuk?

Oso gogorra izan da, bereziki, Jaizkibelen alde egon garenontzat, baina esango nuke herri guztiarentzat ere gogorra izan dela. Emakumeak alardean gure lekua aldarrikatzen hasi ginenean, inork ez zuen pentsatzen gero etorri dena etorriko zenik. Nik neuk, alardea pozez bizi izan dut beti, eta lehenengo aldiz parte hartu nuenean, espero baino askoz gehiago gustatu zitzaidan, zoragarria da! Ez dute zerikusirik kanpotik ikusten denak eta barrutik bizitzen denak: sentimendu deskribaezina da. Alabekin desfilatzeko aukera izan dut, eta ez dago hitzik hori deskribatzeko.

Plastiko beltzen aurretik pasatzea ez da samurra izango.

Tortura bat da. Nire ustez, desadostasunak agertzeko hainbat modu daude, baina horiek ez dira moduak. Zerbait defenditu nahi duzunean, errespetutik egin behar duzu. Plastiko beltzekin duintasun guztia galdu dutela dirudi, eta aurretik pasatzean indarra sentitzen dut: egiten ari naizena ondo dagoela sentitzen dut.

Konponbidea gertu dago?

Hala nahiko nuke, eta esango nuke urtetik urtera gertuago gaudela. Baikorra naiz, baina gutako askok pasarte oso gogorrak bizi izan ditugu. Emakume eta gizon guztiok alarde publiko batean ateratzea da gure ametsa, eta amets hori bete egingo da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.