Igandean Montenegron ospatu zen erreferendumari buruzko adierazpenak egin ditu gaur Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak asteroko Gobernu Bileraren ostean.
Azkaratek azaldu duenez, Jaurlaritzak ez du erreferendumeko emaitzei buruzko baloraziorik egin nahi. "Ez baitagokigu Euskaditik Montenegro herritarren erabakia epaitzea". Jaurlaritzaren ikuspuntutik erreferendum horretatik atera daitezkeen bi ondorio nagusiak aipatu ditu Azkaratek.
Batetik, Eusko Jaurlaritzako eledunaren hitzetan "baieztatu da arazo politikoak demokraziaren bideak erabiliz konpondu behar direla". Eta baieztatu duenez, "Europan arazoak herritarrei hitza emanez konpontzen dira". Horrekin batera, Eusko Jaurlaritzaren ustez Montenegron "herri baten etorkizuna erabakitzeko gaitasuna herritarren eskubidea dela erakutsi digute, eskubidea eta ez bakarrik batzuen edo besteen aldarrikapena".
Azkarate: "Solanak ez du egia esan"
Bestalde, Javier Solana Europako Batasuneko Atzerri Politika eta Segurtasunerako goi komisarioak egindako adierazpenei erantzun die Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Solanak zentzugabetzat jo zuen, atzo, Montenegro Euskal Herria edo Kataluniarekin alderatzea. Hori egitea «delirium tremensa» da, haren iritziz: «Ez dago inolako antzik Montenegroren edo Serbiako Errepublikaren eta Europako kide diren herrialdeen artean». Solanak adierazi zuenez Jugoslavia ohiko prozesua besteetatik desberdina izan da, eta Montenegron erreferenduma egiteko aukera 2002an onartu zutela azaldu du.
Azkarateren hitzetan "Solanak ez du egia esan". Adierazi duenez, "behin baino gehiagotan esan izan zaigu Europan ez direla galdeketak egiten etorkizuna erabakitzeko, eta hor dago Montenegro". Horregatik, Eusko Jaurlaritzaren ustez, posible da "esaten digutena baino gauza asko ere gehiago egitea".
Azkaratek azpimarratu duenez Eusko Jaurlaritzak uste du "Europako Batasunean, bertako herritarrek badutela beren etorkizuna erabakitzeko aukera". Eta horren aurrean eskaera bat luzatu die Solanari eta PSOErik: "Solana jaunak edota PSOEk horrela izango ez dela uste badute argi eta garbi esan diezaiotela gizarteari, ate hori itxiko zaiela".
Montenegro
Jaurlaritza: "Europan arazoak herritarrei hitza emanez konpontzen dira"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu