Jaurlaritzaren arabera, independente dela erakusteko aukera galdu du Justiziak

2008ko irailaren 12a
10:38
Entzun
Independente dela erakusteko aukera zuen Espainiako Justiziak, Eusko Jaurlaritzaren ustez, baina Auzitegi Konstituzionalak Kontsultaren Legea atzera botata aukera hori galdu du. «Argi utzi du politikaren eraginpean dagoela». Erabakia jakin eta aurrenengo balorazioa da hori. Erabakia sakonago aztertzeko bilera berezia egingo du gaur Jaurlaritzak.

Efek Ajuria Eneko iturriak aipatuz zabaldu duenez, Konstituzionalaren erabakiak ez du harritu Jaurlaritza. «Justiziaren politizazioak dituen ondorio makurren beste adibide bat» iruditzen zaio. «Argi geratu da Katalunian edo Andaluzian erabat legezkoa dena legez kanpo dagoela Euskadin». Jaurlaritzako iturrien arabera, Auzitegia osatzeko moduari begiratu besterik ez dago erabakiak asmatzeko: «Zorrotz bete dira arauak beste behin ere».

EAren iritzian «euskal gizarteari irain» egin dio Auzitegi Konstituzionalak. Hala, Espainiako Gobernuari ohartarazi dio, debekuak debeku, euskal gizarteak izango duela azken hitza.

Demokrazia parte hartzailea eta herritarren parte-hartzea kaltetu ditu erabakiak EBren arabera. «Eusko Legebiltzarrari zilegitasuna kentzen dio».

PP eta PSOE «pozik»

Debekua berri ona dela diote, bestalde, Espainiako Gobernuak, ASE-EEk eta PPk. Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxeri ohartarazi dio, Kontsultaren Legea defendatzera Estrasburgoko Epaitegira joaten bada Espainiako Gobernuak bere jarrera defendatuko duela, prozesu horretan parte hartuz.

Erabakia onartu eta kontsultaren gaia baztertzeko eskatu dio ASE-EEk Ibarretxeri. «Konfrontazio faltsuaren» eta «biktimismoaren» papera betetzea egotzi dio Jaurlaritzari, eta bide hori baztertzeko eskatu. «Ibarretxeren abentura» hemen amaituko den itxaropena du, PSOEk ere.

Antzeko mezua igorri diote Ibarretxeri PPtik ere. «Espainiako Konstituzioa apurtzeko ahaleginean» etsi dezala eskatu diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.