Sanferminen balantzea

Jende gutxiago, lasaitasuna nagusi

2017ko uztailaren 15a
15:17
Entzun

Sexu erasoen eta ukituen salaketez harago, Joseba Asiron Iruñeko alkateak azpimarratu du "oso jai onak" izan direla. Jatorrian festek zuten izaera parte-hartzailea berreskuratu nahi izan dute, eta, haren irudiko, "ondo uztartu da programa ofizial eta herrikoia". Haren ustez, Foruen plazako nerabeen gunearekin edo haurrentzako Birjolastu gunearekin adin guztietara heltzeko ahalegina egin da, eta "hurrengo belaunaldien lekukoa" bermatu.

Udalaren arabera, aurreko urteetako beheranzko joerari segida emanez, aurten bisitari atzerritarren beherakada izan da. Hoteletako batez besteko egonaldia %84 izan da, eta, iazkoarekin alderatuta, %6 jaitsi da. Halere, Asironek testuingurua aintzat hartzeko aipatu du: izan ere, urte osoan 615.000 egonaldi erregistratu dira, inoiz baino gehiago, eta festez haragoko turismo horren garrantzia azpimarratu du.

Gainera, garraio publikoaren erabilera %5 handitu da: besteak beste, adieraz dezake bisitari gehiagok erabiltzen dutela hiri garraioa edo iruindar gutxiagok uzten dutela hiria.  

Baionaren adibideari jarraituz, Iruñeak aurten edalontzi berrerabilgarriaren aldeko apustua egin du, eta horren arrakasta azpimarrratu du Asironek. Guztira, 1.044 tona zabor jaso dira, iaz baino %0,7 gutxiago. Dena den, aipagarria da lurrean jasotako hondakin kopurua %25 jaitsi dela, eta Asironek zuzenean lotu du edalontzi berrerabilgarriarekin. Orotara, 170.000 edalontzi banatu dira, eta, udal teknikarien arabera, 850.000 plastikozko edalontzi erabiltzea eragotzi dute.

Iruñeko Udalak, era berean, festetako segurtasuna nabarmendu du. Nazioarteko erreferentzialtasuna aintzat hartuta, eraso jihadista baten inguruko beldurra zegoen zabalduta hirian, eta horrek ere eragina izan dezake bisitari kopurua jaistean. Hala ere, salaketa kopuruak %15 behera egin du (guztira, 1.671). Gehienak (%61) lapurreta txikiak dira. Entzierroaren arauak hausteagatik, hamalau korrikalariri jarri zaie isuna. Asironen arabera, festetan hiri segurua da Iruñea, eta Europako hainbat herrialdetako poliziak hirian izan dira "erloju suitzar baten gisan funtzionatzen duen segurtasun sistema" bertatik bertara ezagutzeko. 

Sare sozialetan sanferminek duten eragina ere aztertu du udalak. Twitterren, lau milioi aipamen egin zaizkie festei: iaz baino %23 gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.