Jon Aitor Alberdi presoa askatuko dute gaur

2009ko otsailaren 12a
16:48
Entzun
Jon Aitor Alberdi gazte errenteriar (Gipuzkoa) presoa aske geldituko da gaur, 24.000 euroko bermea ordainduta. Espainiako Auzitegi Nazionalean, ETAri laguntzea leporatuta, atzo deklaratu zuten Oiartzualdeko 20 gazteetako bat da Alberdi. Auzi berean inputatutako beste bi gazte ez ziren epaitegira agertu, sasian dabiltzalako, Polizia atzetik dutela. Atzo iluntzean Oiartzunen (Gipuzkoa) herriko eta ondoko Errenteria hiriko gazteen senide eta lagunek elkartasuna adierazi zieten denei.

Alberdi iazko apirileko sarekadan atxilotutakoa, aske geldituko da gaur, 24.000 euroko bermea ordainduta. Datozen orduetan geldituko da aske. Atzo, beste 19 gazterekin batera, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande-Marlaska epailearen aurretik pasatu zen Alberdi ere, eta hark jarri zion fidantzapean aske gelditzeko aukera.

Alberdi hasieran Valdemoroko (Madril) espetxean egon zen, baina azken hilabeteak Palentziako (Gaztela eta Leon, Espainia) espetxean egon da. Atzo, baita ere, Oiartzunen agerraldi jendetsua egin zuten herriko gazteen senide eta lagunek, been elkartasuna adierazteko. "Joan den urteko apirilean hasi zen gazteriaren aurkako erasoa eskualdean", gogora ekarri zuen Yolanda Etxeberriak, Alex Etxeberria prozesatuaren arrebak. "Gazte hauek euren jarduera politikoagatik epaituko dizute, beste behin ere, jarduera politikoa kriminalizatu nahi dute".

Era berean, jakitera eman zuten otsailaren 25eko udal batzarrean mozio bat aurkeztuko dutela Oiartzunen, eta herritarrei babesa ematera joateko deitu zieten. Aurrez, 150 lagun inguruk manifestazioa egin zuten. Manifestazioa preso dauden herriko bost gazteen argazkiek ireki zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.