Joseba Iturbide eta Mikel San Sebastian Espainiaratu egingo dituzte

2008ko martxoaren 7a
18:52
Entzun
Paueko (Frantzia) Auzitegiak Joseba Iturbide eta Mikel San Sebastian (Lesaka, Nafarroa) Espainiaren esku uzteko erabakia hartu du. Auzitegiak ustezko bi etakideen aurka Espainiak eskatutako euro-aginduak otsailaren 29an aztertu zituen. Martxoan Espainiaratuko dituzte. Defentsak hiru eguneko epea du helegitea sartzeko.

San Sebastian eta Iturbide joan den hilaren 15ean atxilotu zituzten, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) etxebizitza batean. Besteak beste, 2006an Barajasko (Madril) aireportuan atentatua egin zuen ETAren taldeko kide izatea leporatzen diete. Otsailaren 20tik Seysses (Frantzia) kartzelan dituzte.

Lehengo asteko auzi saioan Iturbide eta San Sebastianen tortura salaketei ez zien sinesgarritasunik aitortu Paueko auzitegiko prokuradoreak. Biok lesakarrek tratu txarrak salatu zituzten, eta atxiloketaren unea "oso bortitza" izan zela adierazi zuten. Tortura salaketak ez ezik, Guardia Zibilak atxilotutako Igor Portu eta Mattin Sarasolarenak jarri zituen auzitan prokuradoreak. Izan ere, Iturbide eta Sansebastianen aurkako euroaginduak Portuk eta Sarasolak torturapean egindako adierazpenetan oinarritzen direla argudiatu zuen defentsak, eta arrazoi hori atzera bota zuen prokuradoreak. Ondorioz, Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande Marlaskak eskatutako Espainiaratzea ukatzeko inongo arrazoirik ez dagoela iritzi zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.