Miel A. Elustondok 2008ko abuztuaren 3an BERRIA egunkariko Igandea gehigarrian argitaratu zuen elkarrizketa, Joxe Arratibeli egina
Joxe Arratibel: "Estresari kontra egiteko idatzi nituen kontu horiek"
'Kontu zaarrak' argitaratu zuen 1980an. Umetan sukalde txokoan entzundako ipuinak paperean jarri eta betiko iraungo duen liburua osatu zuen.
Etcherat ezin yoan
ilhundu artean egoten ohi dire
zozoen elhean
Joannes Leizarraga
Miel A. Elustondo
Dohain berezia izan du Joxe Arratibelek (Ataun, Gipuzkoa, 1923). Gutxik, hautatuek baino ez duten dohaina. Fraide gazte sasoikoa zelarik Lazkaon (Gipuzkoa), hamaikatan kontatu zituen umetan etxeko baserrian entzundako ipuinak: Txerri Beltza, Morroi azkarra, Txomin Ipurdi, Aralarko txabola... 50 urtetik gorako klausurako fraidea zela Estibalitzen (Araba), berriz, paper zurian belztu zituen elezaharrak. Urregorrizko liburua ondu zigun, Kontu zaarrak (La Gran Enciclopedia Vasca, 1980), denbora-leku guztien gainetik dagoen ale mardul zoragarria. Klasikoa, argitaratu zen egunetik berean.
Zeuk idatzia da, duela hamabi urteko paper mutur argitaragabeetan: «Gizaldi honen hasieran eta geroago ere, orain dela hirurogei eta gehiago urte, baziren gure herrietan, batez ere nire jaioterrian eta auzoan, ohitura batzuk gaurko egunean galdu direnak».
Baserri mailan, beste toki askotan bezala, baziren lan berezi batzuk: gari jotzea, arto jotzea, arto zuritzea eta aletzea, gaztaina biltzea, garo eta orbelak pilatzea, inaurkinak sartzea, negurako egurra biltzea... Etengabeko lanak, gaur ezagutzen ez direnak. Soro lanak ere behi edo idiekin egiten ziren lauhortza, laiak, aitzurra, aizkora, sega eta gainerakoak hartuta. Horiekin egiten ziren orduko lanak. Ezer gutxi, eta lan handia. Baserri on bat ez bazenuen lan horiek guztiek ez zuten bizitzeko nahikorik ematen, eta beste zer edo zertan saiatu behar. Batzuk ikazkintzan saiatzen ziren... Gure aita zena mandazaina zen, eta hiru mandorekin ibili ohi zen batetik bestera ikatza menditik jaisten; edo egurra. Eta, esaterako, Jakatik [Aragoi, Espainia] Bilbora tximista indarra jartzeko behar zirenak ere ekarri zituen: burdina, kablea eta porlana. Gure aita Aralarko mendietan lan egitera iritsi zen, eta Iparraldera ere bai...
Etxean entzuna...
Ni oso txikia nintzen baina gogoratzen naiz etxera etortzen zenean nola kontatzen zituen toki haietan gertatzen zitzaizkion gorabeherak... Behin, uste dut Zuberoatik etorri zela, eta esaten zigun: «Ba al dakizue han nola esaten den 'arrautza'?». Gu denak isil-isilik. «'Ipurtondokoa'! Eta ba al dakizue nola esaten den 'burukoa'?... 'Belarrondokoa'. Behin, ostatu batera joan nintzen afaltzera eta galdetu zidaten: 'Zenbat ipurtondoko nahi dituzu, bat ala bi? Frijituta ala tortillan?'. Orduantxe antzeman arrautza esan nahi zuela! Gero, ohera joateko jarri nintzenean, berriz galdetu zidaten: 'Zenbat belarrondoko nahi dituzu, bat ala bi?'». Gure aitak ez omen zuen entenditu eta erantzun omen zion: «Belarrondokorik bat ere ez, lehenago ere nahikoak hartutakoa naiz». Joan zen ohera eta han ez zegoen burukorik. Orduantxe konturatu omen zen belarrondokoak burukoa esan nahi zuela.
...
Orain dela urte batzuk jakin nuen nik hori, Belokeko fraide batek esanda. Oraindik ere, toki batzuetan, arrautzari «ipurtondoa» esaten omen zaio, eta burukoari «belarrondokoa».
Aita, mandazain.
Garai hartan gure auzoan jende gehiegi bizi zen eta batzuek kanpora joan behar izaten zuten: mikelete, esate baterako. Firmatzen jakitea nahikoa zen bertan ontzat hartzeko. Beste batzuk kaminero, morroi... Asko, neskame. Nik banituen hiru izeba eta ni baino arreba zaharragoa, neskame, eta geroago, beste bi arrebak ere halaxe joan ziren. Baziren ere apaizetako edo fraide joaten zirenak. Eta atzerrira ere joan ohi zen jendea, Frantziara eta Amerikara... Nik bat ezagutu nuen, gure auzoan, Amerikara joan zena. Ez naiz gogoratzen nora, baina haren azken agurra bai, gogoratzen naiz. Familiakoak eta auzokoak han ginen autobusa hartu zuenean Beasaina trena hartzera joateko. Gero ez dakit nola joan zen. «Ondo ibili Ameriketan, eta nahi duzunean itzuli hona!», esaten zion jendeak. Nik sei edo zazpi urte izango nituen baina oraindik gogoan ditut haren azken hitzak: «Ni banoa, eta Josefata arte!». Geroztik ez nuen haren berririk izan. Beste bat ere bazen gure auzoan Ameriketan izana, eta ustez diru asko ekarri zuen. Amerikano deitzen zitzaion eta emazteari, berriz, amerikana. Gerra etorri zen eta haren diruak hutsera etorri ziren, eta harrobian lan egin behar izan zuen biziko bazen...
Gerra etorri zen.
Ni ezaupidera iritsi nintzenerako baziren bizikleta hartuta Beasaina, Villafrancara edo Etxarrira joaten zirenak. Emakumeak eta haurrak, etxean gelditzen zirenak, auzoko sukalderen batean biltzen ziren kartetan jokatzera... Baina gerrak ohitura guztiak aldatu zituen. Gure auzoan, hogeita bost edo hogeita sei familiatatik hamalau edo hamabost joan ziren gerra hartara. Hiru edo lau han hil ziren... Behin, ordurako gerra hasita zegoen, San Gregorioko bikarioa atera zen gaixoren bati elizakoak eramatera. Akolitoa beti bezala aurretik zihoan farola piztuta eta txintxarria joz. Plazan soldadu sail bat zegoen eta apaiza eta akolitoa ikusi zituztenean, begira jarri ziren. Haietako inor ez zen belaunikatu, bertako jendeak ohitura zuen bezala eta, gainera, barre txikiren bat ere egin zuten. Orduan, bikarioa haiei begira jarri eta hots egin zien: «Denak belauniko Jaunaren aurrean!». Bikarioa gizon gogorra zen, karlista amorratua, bere esana egitea nahi izaten zuen... baina soldaduak ez ziren mugitu ere egin. «Salatu egingo zaituztet zuek denok!», esan eta aurrera jarraitu zuen. Izan ere, elizakoak hartuta zihoan, gaixoarentzat. Nik ez dakit gero soldadu haiek salatu zituen edo ez, jauntxoren baten aurrean...
Ohiturak...
Beste ohitura bat ere bazen nik behin bakarrik ikusi nuena... Ekaitz itxura handia hartu zuen zeruak, ilun-ilun jarri zen dena. Orduan, gure amandreak hartu zuen pertz bat eta han txinpartak jarri zituen sutatik hartuta. Gero, atarira joan zen eta pertzean jarri zuen su hartara zera botatzen hasi zen: erramu hostoak, erramu igandean bedeinkatutakoak; ondoren, San Joan egunean bedeinkatutako lore sailtxo bat; gero, Kandelario egunean bedeinkatutako kandela bat piztu eta kandela malkoak bota zituen sua zegoen pertzera. Orduan, ke beltz bat atera zen handik, zerura igoz. «Hori dena zertarako egiten duzu, amandrea?». «Etsaia eta eguraldi gaiztorik hona etorri ez dadin». Bedeinkatutako zera haiek denak ondo gordeta eduki ohi zituen gure amandre zenak, erramua eta loreak ganbarako habetik zintzilik, eta kandela eta ur bedeinkatua kutxa batean sartuta.
Bedeinkatuak.
Gauza bedeinkatu horiek denak, gutxi edo gehiago, beti eduki izan dira gure etxeetan, gaur arte. Erramu adarrekin gurutze txiki batzuk egin ohi dira, hari lore bedeinkatu izpi batzuk, bi edo hiru kandela malko, eta gero gurutze horiek atariko ate gainean jartzen da bat, eta beste batzuk belardi edo soroetan makila baten gainean, harriak eta ekaitzak kalterik egin ez dezaten. Esan ohi zen elorri adar bat izanez gero, ez zuela tximistak inor jotzen. Izan ere, Kristori arantza koroia jarri ziotenean, elorrizkoa zen. Horregatik, gu, udako ekaitzen batek mendian edo belardiren batean harrapatzen bagintuen, elorriren bat zegoen tokira biltzen ginen. Eta orduan ez genuen ekaitzaren beldurrik izaten.
Beste idazkun bat ekarri nahi dut bistara, koaderno noizbait azal-urdin izandako batean ageri da: «1958'garren urtean Arratibel'tar benediktino apaizak emana Caracas'en».
Martin Ugaldek idatzi zuen hori, Caracasen... Ni Venezuelan izan nintzen 1956tik 59ra. Ordurako han zegoen Martin Ugalde. Ezaguna zen, aldizkari bateko zuzendaria ... Petrolio konpainia batentzat egiten zuen lan, eta hura ikusten izan ginen behin, bisitan. Bai petrolio zera hura ikusten eta bai Martin Ugalde bera bisitatzen. Ni orain ez naiz gogoratzen zer dela eta idatzi nuen koadernoa, Amezketako Perrandoren kontuak, eta ez dakit zergatik emango nion koadernoa Martini, baina eman nion behintzat. Nik uste ez ziola interes handikoa iritzi nik idatzitakoari eta halaxe bueltatu zidala koaderno hori. Besterik ez dakit. Ez naiz gogoratzen.
Dotore idazten zenuen, azal eta mamiz. Koadernoa ireki eta Perrandoren zorrak ageri du izenburua, r kakoxdun eta guzti. Ondoren, Itzaurrea. Irakur ezazu, Joxe. 1958an, edo lehenago, idatzi zenuen...
«Zenbat aldiz ez dira zure eskuetara erori, irakurle agurgarria, Amezketako Perrandoren esanak edo eginak norbaitek txukun asko idatziak! Baña bear dizut esan, gizon aundi oien gertaera guztiak ez dirala agertuak izan. Gertaera auetako bat da nik orain zure eskuetan jarri nai nukeana, ta ez uste izan nik asmatua dala, ez orixe!, iturri onetik ateratakoa da. Perrando ezagutu ta beraren inguruan bizitzeko zoriona izan zutenak itzez itz esana da...».
Idazle nahia nabari da hitzaurretik beretik...
Nik ez dakit. Ez naiz gogoratzen zer dela eta idatzi nituen kontu horiek...
Koadernoan bertan, orri artean, argazki bat: Jose Antonio Agirrerekin ageri zara...
Caracaseko euskal etxean ezagutu nuen Jose Antonio Agirre. Ez ginen hara askotan joaten, urtean behin edo bitan, San Inazio egunez edo horrelakoren bat zenean, besterik ez. Eta, behin, joan gara eta hantxe Agirre lehendakaria! Horrela gertatu zen. Agurtu genuen, hitz batzuk ere egingo genituen, eta argazkia. Handik urte batzuetara oso ondo etorri zitzaigun argazki hura, Parisen. Gu hiru urterako joan ginen Venezuelara, Lazkaotik, hango fraide beneditarrei laguntzera. Hiru urte pasatu zirenean hemengo nagusiek atzera erreklamatu gintuzten eta bueltan etorri behar izan genuen. Hala ere, bueltako biajea guk nahi genuen bezala antolatzeko aukera izan genuen eta New Yorken, Parisen eta Erroman izan ginen Lazkaora etorri baino lehen. Eta, Parisen, Agirre bisitatzera joan ginen. Zaindariak ez zekien gu zertan ginen, eta urte batzuk lehenago Caracasen egindako argazki hura erakutsi genion, Agirreri erakusteko esanez. Berehalaxe hartu gintuen...
Ondo ibili zinen Caracasen...
Oso ondo ere! Baina hara joan aurretik, Lazkaon ere ondo nengoen... Hogeita hamar urte inguru neuzkan, eta sasoia. Gu fraide saila ginen Lazkaon eta, behin, guk ezagutzen ez genuen fraidea etorri zen. Jendea behar zuen misioetarako, Venezuelan. Alemana zen fraidea, abadia handi bat egin zuten Caracas inguruan eta fraide gazteak behar zituzten harako. Gure abatak borondatezkoak eskatu zituen, eta berehalaxe eman genuen izena beste batek eta biok. Esaten dizut, bada, hiru urte zoragarri egin nituen han. Lehengo batean esan nizun behin haserrea izan nuela hango fraide aleman batekin, nola hasi zen Hitlerren alde, haren ideia batzuk defenditzen. Nik kontra egin nion, esan nion hura ez zegoela ondo, Hitlerren alde hitz egitea, alegia. Momentuan ez zen isildu, baina gero bai, barkamena eskatu zidan... Naziak, badakizu.
Hurrena 60ko hamarkadaren bukaera aldera ageri da berriz ere zure baitako idazlea...
San Migelen kondaira edo idatzi nuen...
Eta Príncipe de Viana aldizkariaren euskarazko orrietan argitaratu...
Bai, baina ez naiz gogoratzen... Ez dakit.
Latxaga Estibalitzen izan zela bai, gogoratzen zara... Jose Maria San Sebastian Latxaga-k bultzatu zintuen kontu zaharrak idaztera...
Aita Maurorekin [Elizondo] harremanetan zegoen. Aita Maurok Sabino Aranaren eskutitzen batzuk-edo zeuzkan, eta haiek argitaratzeko lanetan zebiltzan. Horretan zirela, nik kontu zaharrak nekizkiela esan zioten, eta Latxagak eskribiarazi egin zizkidan. Horrelaxe atera zen Kontu zaarrak liburua, 1980an, La Gran Enciclopedia Vasca argitaletxean. Esan eta esan jardun zitzaizkidan eta idatzi egin nituen azkenean. Baina orduan ere komeriak ibili genituen...
1974. Estibalizko nagusia, Ixidro Baztarrika, kartzelan sartu zuten, beste zenbait fraide edo apaizekin batera. Ixidrok, Bizkaiko gotzain Añoverosen gutun pastorala irakurri zuen. Euskal Herriaren eskubideen alde ari zen gutun hartan...
Ixidrok hura hemen irakurri zuen, Estibalitzen, eta baten batek Poliziari esan zion. Edo Guardia Zibilari. Dulantziko kuartelean eduki zuten lehenengo, han deklarazioa hartu, eta Langraitzen eduki zuten preso hogei bat egunez. Ixidroren hurrena nintzen ni Estibalizko komentuan eta niri zegokidan etxeko ardura hartzea. Nik uste estuasun hartan idatzi nituela kontuak, estuasun larri hartatik eskapatzeko. Huraxe benetako estresa, kontu zaharrak idatzita nire burutik kendu nuena. Gerokoa badakizu, lehendik ere kontatuta nago makina bat aldiz... Zertan kontatu berriz?
Joxe Migel Barandiaran herrikidearen lan osoetan ipuin hauen mamia irakurri zenuenean hartu zenuen sustoa...
Txikia ez. Hark motz idatzita zeuzkan nire kontu zaharretako asko eta nik, berriz, entzun nituen moduan, dena jarrita idatzi nituen. Baina, hala ere, Joxe Migelen haiek irakurritakoan, hartu nuen lanak ez ote zuen ezertarako balio pentsatu nuen. Lehenengotan horixe pasatu zitzaidan burutik...
Joxe Arratibel, BERRIAn (2008-08-03): "Estresari kontra egiteko idatzi nituen kontu zaharrak"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu