Kontseiluak manifestazio amaieran irakurri duen agiria

2010eko maiatzaren 15a
20:01
Entzun
Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea

Euskaraz bizi nahi dugu, euskaraz ez bada, ez delako bizitzea guretzat. Euskaraz bizi nahi dugu, eskubidezkoa delako; justiziazkoa delako. Euskaraz bizi nahi dugu betidanik bizi izan delako lurralde hauetan euskaraz. Euskaraz bizi nahi dugu, euskaraz hitz eginez etorkizuna eraikitzen ari garelako. Euskaraz bizi nahi dugu; zergatik ez? Ba al dago eskubidezko edota justiziazko arrazoirik euskaraz bizitzea galarazteko? Ez luke egon behar.

Bizi diogu BIZI letra larriz. Tarteka erabiltzea, aukera urriak baliatzea, egunkarietan euskarazko zedozer aurkitzeko orrialdeak arakatzea, euskaraz dioen etiketa bat topatzea ez baita bizitzea, berdintasunez ez, behinik behin.Izan ere, azken urteetan euskaldunok zokoratzea helburu izan duen politika horialdatu beharra dago. Nafarroako Gobernuak ez duelako gu euskaraz bizitzerik nahi, eta ahal duen guztia egin du, eta egiten ari da, Nafarroan euskaraz bizi ez gaitezen. Eta guk eroso eta duintasunez bizi nahi dugu. Norberaren herrian berezko hizkuntzan bizi nahi izatea oinarrizko eskubidea da. Ez dagoelako duintasunez bizitzerik Nafarroako Gobernuak gure hizkuntzaren presentzia bera baztertzen duenean.Nafarroako Gobernuak ikusgai ez izatera zigortu nahi gaitu.

Horrexegatik euskaraz bizi nahi dugula esan dugu milaka eta milaka herritarrek gaur Iruñean; harrotasunez atera gara kalera euskaraz bizitzeko eskubidea dugula erakustera, izan bagarela erakustera, ikus gaitzaten, ikus dezaten… euskaraz bizitzeko prest gauden herritarrak milaka garela..

Pozteko milaka arrazoi dugu gaur, zuetako bakoitza pozteko arrazoi bat da; Nafarroan euskararen alde inoiz egin den manifestaziorik handienetako baten partaide izateak harrotu behar gaitu. Gure hizkuntzaren etorkizuna kalean ere jokatzen delako. Ez dezala pentsa Nafarroako Gobernuak bere ahaleginek arrakasta izango dutenik. Jakin izan dugu azken mende laurdenean ehunka proiektu eraikitzen, geure hizkuntzaren berreskurapenaren suzia eskutik eskura pizturik pasatzen. Gaur, beste behin, erakutsi egin dugu aurrera egiteko prest gaudela; denon artean baldintza berriak sortu behar ditugu eta sortuko ditugu. Euskararen normalizazioa ahalbidetuko duen agertoki berria eraiki behar dugu, non euskaraz bizitzea aldarria izatetik errealitate bihurtuko den. Geure esku ere badago, eta gaur pauso bat eman dugu; jakin dakigulako zein den bide argia euskararen normalizazioaren bidean pauso bat emateko:

Lehengo eta behin, hizkuntza-politika berri bat behar dugu. Ikuspegi osoa duen politika, Administrazio Nagusitik toki Administraziorainoko ongi koordinatua, helburu eta epe zehatzak dituena, sail artekoa eta sektore artekoa, hizkuntza-eskubideak eta erabilera soziala ipar dituena, baliabidez ongi hornitua, elkarlanean oinarritutako hizkuntza-politika da behar duguna, Euskalgintzarekin konplizitatez kudeatua. Horra lehen pausoa.

Bigarren, euskararentzat estatus juridiko egokia behar dugu; berdintasun-printzipioaren kontra baitoa herritarrei eskubide eta betebehar desberdinak aitortzea. Hartara, euskara berezkoa ez ezik, lehentasunezko bihurtu behar da gutxitua dagoelako, estatus ofiziala esleitu behar zaio, bai eta ezagutu beharra sustatu ere, ezagutzaren unibertsalizaziora iristeko.

Azkenik, lehentasunezko hainbat neurri hartu behar dira euskararen normalizazioari bultzada egokia emateko:

- Belaunaldi berriak osorik euskalduntzea bermatuko duen hezkuntza-sistemaren erreforma.

- Administrazioa epe onargarri batean euskaldundu behar da herritarron hizkuntza-eskubideak bermatzeko.

- Alor sozioekonomikoa euskalduntzeko neurri eta proiektu eragingarriak ezarri behar dira.

- Helduen euskalduntze-alfabetatzeari duen izaera estrategikoa aitortu behar zaio eta beharrezko baliabideak eskaini lana egoki garatzeko.

- Hedabideetan ezagutzaren araberako kuotak ezarri behar dira, eta euskara hutsezkoak bereziki sustatu.

- Euskararen aurrekontuak nabarmen handitu behar dira, besteak beste, euskarazko kultura- eta aisialdi-jarduerak sustatzeko diru-partidak.

- Unibertsitatearen eta Lanbide Heziketaren eskaintza oso-osorik euskalduntzeko planak ezarri behar dira.

Eta horretarako ezinbestekoa da elkarlana. Euskalgintza prest egongo da euskararen normalizazioan urratsak emateko, horretarako gertu daudenekin aritzeko. Izan ere, lanari ez diogu beldurrik, eta halaxe erakutsi dugu azken urteotan, herrigintzatik, euskalgintzatik, euskaraz bizitzea ahalbidetu diguten proiektuak jarri ditugu abian. Hemen bildu garenok ere badugu zer egin: euskara ikasi, euskara erabili, euskarazko prentsa baliatu, hizkuntza-eskubideak aldarrikatu… Finean, “euskaraz bizi nahi dut” esaldia gaurtik bertatik jar dezakegu praktikan. Gaur, kalera atera gara, euskaldun izatearen harrotasuna agertzera, euskaraz bizitzeko hautua egin dugula lau haizetara zabaltzera, Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea dugula eta euskaraz bizitzen lortuko dugula berrestera. Eta gaurtik bertatik ekingo diogu lanari esanez: “Euskaraz bai”

Iruñean, 2010eko maiatzaren 15ean, Kontseilua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.