LAB ez da Frantziako sindikatu nagusiek trabatu nahi duten sindikatu abertzale bakarra. Uztailaren hasieran Parisko auzitegi batek enpresa txikietako hauteskundeetan lehiatzea debekatu zion STC Langile Korsikarren Sindikatuari. Arrazoiak LAB baztertzeko baliatutakoen antzekoak dira: erakunde politiko bat dela sindikala beharrean, eta «interes erregionalistak defendatzen dituen erakunde erregionalista bat» dela.
STCren aurkako salaketa defendatu zuen abokatua LABen aurka egin duen bera da, Slim Ben Achour. Desberdintasun bakarrenetarikoa da STCren aurka, CGTk ez ezik, beste hiru sindikatuk jo zutela: FO, CFDT eta CTFCk.
Epailearen erabakiak protesta handiak eragin ditu uhartean. «Erabaki onartezina da», salatu zuen Korsikako presidenteak, Gilles Simeoni abertzaleak. Haren arabera, STC uharteko «eragile bazter ezina da, eta bere borrokak eta hauteskundeetako botoek ematen diote legitimitatea».
Korsikako mugimendu abertzalearen barruan 1984an sortutako sindikatua da STC. 1990eko hamarkadan hasi zen hedatzen, mugimenduaren barruan autonomia handiagoa aldarrikatu zuenean. Sektore publikoan eta enpresa txikietan jarri zuen indar gehien, eta azken hamabost urteotan uharteko sindikatu nagusia bilakatu da. .
Saio ustela, Bretainian
Korsikan eta Ipar Euskal Herrian baino indar gutxiago du sindikalismo abertzaleak Bretainian, baina hara ere iritsi dira sindikalismo jakobinoaren adarrak. 2012an, CGT saiatu zen SLB Bretaniako Langileen Sindikatua lehia sindikaletik kanpo uzten. Kasu horretan, ordea, auzitegiek ez zuten sindikatu komunistaren eskaera onartu eta SLBri kalte-ordain txiki bat ematera behartu zuten.