Zer da?
Metal mota bat da, eta naturan bi mineraletan aurki daiteke: kromitan eta krokoitan. Kromoa lortzeko, aluminioarekin erreduzitzen da. Burdin oxido eta kromo nahaste bat ikatzarekin erreduzituz gero, ordea, kromo eta burdin aleazioak lortzen dira. Herdoilaren aurrean gogorragoa da, eta arrazoi horregatik dauka erabilera nagusia. Mota askotako kromoak daude, baina batez ere forma tribalentean eta hexabalentean agertzen da. Kromo tribalentea giza gorputzarentzat oinarrizko osagaietako bat da. Besteak beste, barazki, fruta, haragi, legami eta lekaleetan agertzen da. Metal itxuran ere agertzen da kromo tribalentea, eta hori ere ez da osasunerako kaltegarria. Hexabalantea izan ohi da gaitzen iturburua.
Zertarako erabiltzen da?
Metalgintza sektorean erabiltzen da gehien. Altzairu herdoilezinak sortzeko prozesuan erabiltzen da, eta korrosioari aurre egiteko ona denez, hainbat metalen babesgarri ona da. Gainera, kolore distiratsua izan ohi du, eta ezaugarri horregatik, metalezko piezei azken ukitua emateko ere erabiltzen da. Hau da, edertzeko. Prozesu horri kromatzea deitzen zaio. Horrez gain, soldatzeko ere erabiltzen da. Metalgintzatik kanpo, herdoilaren aurkako pinturetan ere erabiltzen da, baita larrugintzan edo egurren babesgarri gisa ere.
Nola eragiten dio osasunari?
Kromo hexabalentea osasunerako arriskutsua da, eta hainbat modutan eragin diezaioke giza metabolismoari. Kalte larrienen artean, biriketako minbizia sortzen du. Gaitz hori kromo hexabalantearen hautsa arnastearen ondorio da. Baina ez da hori sortzen duen gaixotasun bakarra. Sudur hezurra zula dezake, eta azalean ultzerazioak ere eragin ditzake. Dermatitis gisa agertzen da nagusiki. Kromo hexabalantearen ondorioz sortzen diren gaixotasunak zuzenean profesionaltzat hartzen dira.
Zein prebentzio neurri hartu behar da?
Kromo hexabalantearen ordezkorik ez dago egundaino, beraz, produktu horrekin lan egiten duten enpresetan prebentzio neurriak hartu behar dira. Lantegiak xurgatze sistemak jarri behar ditu, airean ahalik eta kromo hexabalante kopuru txikiena egon dadin. Horrez gain, langileentzako ere neurri indibidualak egon behar dute. Beharginak maskarak erabili behar ditu, baina paperezkoak izan beharrean filtrozkoak izan behar dute. Maskaratik horrela ez da kerik sartzen, eta aire garbia arnasten da.