Lan ordu asko, baina ekoizpen txikiegia

2013ko irailaren 27a
20:24
Entzun

Kontziliazioaz harago, arrazoi ekonomikoek ere pisu handia hartu dute ordularia atzeratu eta lanorduak arrazionalizatzeko eztabaidan. Izan ere, datuak deigarriak dira: Espainiako langileek ordu gehiegi ematen dituzte lanean, eta produktibitate txikia dute. 


OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen arabera, Espainian langileek 1.653 ordu lan egin zuten 2009an; alemaniarrek, berriz, 1.389. %19 gutxiago. Gainera, Munduko Foro Ekonomikoaren datuen arabera, 142 estatuk osatutako produktibitate rankingean Espainia 36. geratu zen iaz. Frantziaren 21. postutik urrun, eta Alemaniaren seigarren postutik oso urrun.


Lan gehiago egiteak, beraz, ez du gehiago ekoiztea esan nahi. Espainiako Kongresuko Berdintasun Batzordeak onartutako txostenak, hain zuzen, produktibitatea hobetzea espero du lanaldiak trinkotu eta kontziliazioa ahalbidetuta.


Aurrezpen energetikoa


Erlojuaren eta lanorduen antolaketaren aldaketak ekoizpena igotzeaz gain aurrezpen energetikoa ekarriko lukeela ere azaldu du. Goizean ordubete lehenago argituko lukeelako, eta horrek argindarraren aurrezpena ekarriko lukeelako, batez ere lanaldiak trinkotu eta goizean goizetik hasiz gero. Hala ere, arratsaldean ordubete lehenago ilunduko luke, eta, ondorioz, etxebizitzetan ez litzateke aurrezpen energetikorik egongo.


Neguko eta udako ordu aldaketarekin adibidez energia dezente aurrezten dela azpimarratzen dute batzuek, eta kontrakoa beste batzuek. EVE Energiaren Euskal Erakundeak azaldu duenez, neguko zazpi hilabeteetan «teorikoki» orduko 640 milioi kilowatt aurrezten dira Espainian, 69 milioi euro inguru. Aro berean, etxebizitzen kontsumoa orduko 550 milioi kilowatt jaisten da, energiaren %5 aurreztuz (61 milioi euro). Bulego eta dendetan, berriz, %3 aurrezten da, 8 milioi euro inguru.


Ekologistak Martxan-en arabera, aldiz, neguan eta udan erlojua aurreratzeak «ez du, halabeharrez, energia gutxiago gastatzerik esan nahi». Aitzitik, talde ekologistak 2010ean egindako sei azterketatik lautan energia kontsumoa %2,2 eta %2,95 bitartean igo zen ordu aldaketen ostean.


Bestalde, merkataritzaren sektorean ere ez dago argi ordu aldaketak eragingo lukeen aurrezpen energetikoaren pisua, eta are gutxiago kontziliazioa posible izango ote litzatekeen. Ordutegi komertzialak liberalizatzen ari diren honetan gero eta zailago baitzaie merkatari txikiei kontziliazioa. Espainiako autonomoen %90 dira merkatari txikiak, etahorietako %60 emakumeak dira. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.