Lanaldi luzeak, soldata laburrak

2014ko urtarrilaren 31
17:18
Entzun

Mendekotasuna duten adineko pertsonak zaintzea ardura handiko lana da. Haien ondoan, laguntza eta babesa ematen, ordu asko ematen dituzte zaintzaileek: jana prestatu eta eman, garbitu, jantzi, botikak har ditzaten arduratu... Haien oinarrizko beharrizanak asetzeaz gain, adinekoen aisialdia ere betetzen dute askotan. Lan eskerga izaten dute, beraz. Baina lan hori egiten duten emakumeek ez dute ardura horren tamainako saririk jasotzen. Gehienetan, lan baldintza kaskarretan aritzen dira, lanaldi amaigabeak betez eta soldata urriak jasoz. "Zaila da orokortzea, baina esan daiteke haien lan baldintzek lotura dutela historikoki gizarteak ikusezin bihurtu, gutxi baloratu eta emakumeen esku utzi izan dituen lanak izatearekin", dio Josefina Rocok.

Nazioarteko Ikasketetan doktorea, gizarte ikertzailea eta feminista izanik, sakon aztertua du Rocok etxeko langile diren emakumeen errealitatea, emakume etorkinena bereziki, eta gaiaren inguruko hainbat ikerketatan parte hartu du, Bizkaiko hainbat udalerritan. Haren hitzetan, emakume etorkinak "oinarrizko zeregin bat" betetzen ari dira Euskal Herrian. "Hemen defizit handia dugu zaintza zerbitzuei dagokienez: hazkunde demografiko negatiboa dugu, adinekoek gero eta beharrezkoagoa dute zaintzarako azpiegitura bat, baina maila politiko eta instituzionaletik ez zaio horri erantzunik ematen". Gizartearen zaintza behar horiei erantzun "publiko, doako eta unibertsala" eman beharko litzaiekeela uste du Rocok, baina ez da hala gertatzen ari. "Hortaz, modu oso prekario eta malguan, emakume etorkinak kontratatzera jotzen da defizit horri aurre egiteko".

Baina, gainera, herrialdera iritsi berri diren andreen kasuan, aintzat hartu behar da askok gizarte sarerik ez dutela edota egoera irregularrean daudela. "Atzerritarren Legeak eta etxeko langileei begirako legediak askoz ere babesgabeago uzten ditu lan arloan emakume horiek. Gurpil zoroa da: beren egoera zaila dela eta, gutxienekoetara iristen ez diren baldintzak onartzen dituzte lan kontratu bat lortzeko, horren bidez erregularizazioa lortzearren, baina horretarako urteak igaro litezke, eta, bitartean, egoera irregularrean daudenez, lan baldintza gizagabeak onartu behar dituzte". Gainera, etxeko lanen barruan sar daitezkeen jarduerak asko eta askotarikoak izanik, langileen arteko hierarkizazio gisako bat egiten dela dio Rocok, langileen arteko aldeak handituz. "Noski, hori guztia ez da emakumeen errua, baizik eta arazoa konpondu beharrean emakume hauen egoerarekin etekina ateratzen duen estatu edo klase politiko batena".

Horiek horrela, eta esan bezala orokortu ezin den arren, hainbat udalerritan egindako ikerketek utzi dute emaitzarik. Rocok azaldu duenez, etxeko langile gisa lan egiten duten emakume etorkin ia guztiek,%98k, lan egiten duten etxean bertan bizi behar dute, eta mendekotasuna duten pertsonak zaintzen dituzte. "Gehienei ez zaizkie atseden orduak errespetatzen, eta lan egindako orduen azpitik dauden soldatak jasotzen dituzte". Lanbide arteko gutxieneko soldatara ere iristen ez zirenen kasuak ezagutu ditu Rocok. Beste zenbait datu zehatz ere eman ditu: "Erabat etxean egoten diren hamar langiletik zazpik astean hirurogei orduko lanaldia gainditzen dute. Gainera, %38k ez dute eguneko atsedenaldirik, eta hamarretik hiru inguruk, ezta asteko atsedenaldirik ere. Hori gutxi balitz, emakume horien %90ek ez dute jasotzen, legeak agintzen duen moduan, lan egindako orduen araberako lanbide arteko gutxieneko soldata". Lantoki duten etxetik kanpo bizi diren andreen baldintzak ez dira askoz samurragoak, gizarte ikertzailearen arabera. "Askotariko lanaldiak dituzte, baina badira astean 50 ordu lan egiten dutenak, goizeko zortzietan hasi eta gaueko hamarrak arte adibidez, eta asko ez dira gutxieneko soldatara ere iristen".

Egiten dituzten jardueren arteko eta horien araberako soldaten arteko aldeak hain dira handiak, ezen izan liteke zaintza lanengatik proportzioan arropa lisatzeagatik baino soldata txikiagoa jasotzen duten langileak izatea. Aldeak ikusita, ondorio batera iritsi da Roco: "Zenbat eta lanaldi luzeagoak, soldata urriagoak eta ardura handiagoak".

Egoera horren inguruan Lanbidek eta lan ikuskaritzak duten jokabidea salatu du Rocok. "Lan ikuskaritzak jarraipen bat egin beharko lieke egoera horiei, baina ez dago ez jarraipenik, ez kontrolik, ez eta zigorrik ere". Lanbidek, berriz, "enplegu agentzia publiko gisa" jardun beharko lukeela dio ikertzaileak, kontrol hori areagotze aldera, baina esan du ez dela hala, eta "kolokazio agentzia pribatuak oso arriskutsuak" direla ohartarazi du: "Modu iraingarrian ari dira langile hauek esplotatzen: ez diete Gizarte Segurantzan izena ematen, lan egindako ordu bategatik langileari ordaindu beharrekoaren %30 ematen diote batzuetan...".

Aurrerapenak paperean, baina ez praktikan

Behin beren egoera erregularizatzea lortu dutenean, ordea, emakume hauei egoera erabat aldatzen zaiela dio Rocok. "Are gehiago, ikusi duguna da emakume etorkinek etxeko lanaren balioa handitu egin dutela lan merkatuaren barruan. Haietako asko ama edo familia buruak dira, beren migrazio proiektua gidatu dute eta maiz familia haiek elkartzen dute berriro ere; langile izatearen zentzua dute, badakite zein eskubide aldarrika ditzaketen, eta, nolabait esateko, etxeko lanaren ahalduntze bat egon da".

Ia hiru hamarkadatan etxeko langileen inguruko legedian ez da aldaketarik izan, baina 2011. urtean erreforma onartu zuen Espainiako Gobernuak, 2012ko urtarrilean indarrean sartu zena. Hainbat lorpen ekarri zituela uste du Rocok; esaterako, lehen ahozko kontratuak ere onartzen ziren, baina orain idatzizkoak baino ezin dira egin; asteko lanaldia gehienez hirurogei ordura mugatu da; aurrez aurreko orduak lanordu gisa ordaintzen dira; eta Gizarte Segurantzan kotizatzeko era aldatu da.

Ordea, aurrerapauso gehienak paperean geratu dira, eta zenbait arlotan langileen egoerak okerrera egitea ere ekarri du aldaketak. Hainbat adibide jarri ditu horren lekuko: Gizarte Segurantzan izena ematean, enplegatzaile asko horren kostua langilearen gain jartzen ari dira; hau da, soldatatik kuota osoa deskontatzen diete, soldatak jaitsiz. Esanguratsua den beste adibide bat jarri du ikertzaileak, etxebizitzan lo egiteagatik soldatatik kentzen den kopuruari lotuta: "Langile asko espezifikoki gaueko zaintza lanetarako kontratatzen dituzte, baina ordu horiek ez zaizkie gaueko lanordu gisa ordaintzen, eta, gainera, soldatatik deskontatzen ari zaizkie praktikan, bertan lo egiteagatik. Izugarria da. Eta lege hutsune horrek bere horretan jarraitzen du erreformaren ostetik ere".

Ondorioa argia da Rocorentzat: "Beheranzko joera izaten ari da emakumeon lan baldintzetan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.