I. Lasa
Informazio teknologien gizarte honetan gizaki harroak erantzun guztien jabe dirudi. Baina oraindik erantzunik gabeko galdera asko dago bizitzaren eta unibertsoaren mekanismoak ulertzeko bidean, eta galdera horiek ez dira nolanahikoak, gainera.
Partikula txikien fisika ordenatzen saiatzen den eredu estandarrak, esaterako, arazo handi bat du: ez du partikulen masa azaltzen. Zerk ematen die masa partikulei? Partikula askok masa baitute; elektroiek, protoiek, neutroiek... Eredu estandar klasikoaren teoriak, ordea, masarik gabe ulertzen ditu partikula guztiak.
Konponbide bila, duela 40 urte baino gehiago garatu zen masaren jatorria azalduko lukeen hipotesia. Peter Higgs eskoziarraren izena hartu zuen, teoriaren garapenean beste hainbat fisikarik parte hartu bazuten ere. Hipotesiaren arabera, partikula guztiak eremu baten barruan daude. Higgs eremu horretan mugitzean, partikula batzuek eremuarekin elkarrekintzan masa hartuko lukete; beste partikula batzuek, aldiz, fotoiek esaterako, ez lukete elkarrekintzarik izango eremuarekin, eta horregatik ez lukete masarik izango.
Demagun partikulak lokaztian dabiltzala korrika. Mendiko botekin doazenek lokatz ugari bilduko dute; beste batzuek, ia ez dute lohirik hartuko euren oinetako arinetan, eta beste batzuek lokatz gainean irrist egingo dute soilik, inolako lokatzik hartu gabe. Higgs eremua lokaztia litzateke.
Eta zer da Higgs bosoia? Funtsean, Higgs eremua eta Higgs bosoia gauza bera dira. Bosoia, nolabait, eremua transmititzen duen partikula litzateke. Eremu elektromagnetikoa ere partikula batek transmititzen du: fotoiak.
Kontua da orain arte ez dela Higgs bosoia existitzen denik frogatu. Ez da batere erraza eta. Beste partikula azpiatomikoekin alderatuta, existitzen bada, Higgs bosoiak oso masiboa behar du izan. Haren masa protoi batena baino 100 edo 200 aldiz handiagoa izango litzateke, eta bosoi hori atzemateko beharko liratekeen talkek oso energia handia behar dute. Zenbat eta energia gehiago talkan, orduan eta masiboagoak dira hondarrean agertzen diren partikulak.
Eta non egingo dira inon baino energia handiagoko talkak? LHCn. Detektagailuetako bi prestatu dituzte Higgs bosoiaren aztarnak atzemateko. Eta bien artean ere halako lehia bat badago ea nork topatuko duen lehendabizi. Herrialdeen arteko lehia ere badago hura atzematen lehena izateko. AEBetan Fermilab erakundearen Tevatron azeleragailuak Chicagon urteak daramatza Higgs bosoiaren bila, baina ez du topatu. Europak orain azeleragailu handiagoa izango du, eta arrakastarako aukera handiagoa.
Lehen helburua: Higgs bosoia detektatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu