Iaz, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egin zirenean, asko aipatu zen EA eta ezker abertzalea elkarrekin aurkezteko aukera. Bi alderdiak saiatu ziren horretarako akordio bat lortzen, baina azkenean ez zen posible izan. Nolanahi ere, nabarmen gelditu zen bien arteko sintonia handia zela, eta kanpainan garbi ikusi zen diskurtsoak antzekoak zirela. Elkarlana hasia zen ordurako. Lizarra-Garaziko akordioaz geroztik, konfiantzazko harremanak izan dituzte bi alderdiek. Urteetako elkarkidetasunaren ondorioa da ezker abertzaleak eta EAk gaur aurkeztu duten hitzarmen estrategikoa.
Lizarrako akordioan elkar hartuta aritu ziren, beste batzuekin batera. Orduan, abertzaleen arteko elkarlana nabarmena zen, eta horren isla izan zen Eusko Legebiltzarra ere. EAJk eta EAk osatu zuten Juan Jose Ibarretxe buru izango zuen gobernua, eta EHren babes ezinbestekoa izan zuen gobernu hark. Lankidetzarako ituna ere sinatu zuten hiru alderdietako ordezkariek. Hura bertan behera geratu arren, ordutik etengabekoa izan da EAren eta ezker abertzalearen arteko harremana. Beti egon dira harremanetan.
Nazio Eztabaidaguneak zeresan handia izan du bi alderdien arteko elkarlana mantentzeko orduan. Lizarrako akordia hautsi zenean, EAren eta ezker abertzalearen elkarguneak ahuldu egin ziren, harik eta Nazio Eztabaidagunea sortu zen arte. Udalbiltzan eskuz esku aritu ziren EAJko, EAko eta ezker abertzaleko hautetsiak, beste zenbait alderditakoekin batera. Baina, su-etena hautsi zenean ahuldu egin zen Udalbiltza, EAJ eta EAko hautetsiek ezker abertzalekoengandik aldendu eta Udalbide sortzea erabaki baitzuten.
2003an agertu ziren berriz ere mahai berean EAko eta ezker abertzaleko ordezkariak. Eztabaidagunearen talde sustatzaileko kide izan ziren, besteak beste, Martin Aranburu (EA) eta Tasio Erkizia (ezker abertzalea). Etengabeko lotunea izan da Nazio Eztabaidagunea EA eta ezker abertzalearentzat. EAJk ez zuen parte hartu.
Loiolako prozesua
Azken negoziaketa prozesuan ez zen aurreko planoan aritu Eusko Alkartasuna, baina gertatzen ari zen guztiaz ondo informatuta egon zen une oro. Loiolako mahaian EAJ, PSE-EE eta ezker abertzaleko kideak elkartu ziren. Eusko Alkartasunak jendaurrean agertu zuen prozesuan aktiboago parte hartzeko gogoa, baina, nolanahi ere, halakorik ez zuela eragotziko eta ahal zuen heinean bultzatu egingo zuela argi utzi zuen.
ETAk 2006ko martxoaren 22an su-eten iraunkorra iragarri eta zazpi egunera, Arnaldo Otegi espetxeratu zutenean, EA izan zen manifestaziorako deia egin zutenetako bat. Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoaren sinatzaile guztiek antolatu zuten Bilbo txiki utzi zuen manifestazioa, Konponbide garaia da lelopean. Batasuna, EA, AB, Aralar, Zutik eta EAE-ANV alderdiak eta ELA, LAB, EILAS, EHNE, ESK, ELB eta Hiru sindikatuak izan ziren antolatzaileak. EAJk ez joateko deia egin zien bere militanteei.
2007ko ekainaren 6an jakinarazi zuen ETAk su-etena amaitu zela, eta horrekin batera ofizialki bukatutzat eman zen Loiolako negoziaketak ardatz izan zituen prozesua.
Loiolakoa amaitu ostean indartu zen polo subiranistaren kontua; hain justu, EAren eta ezker abertzalearen eskutik. EAJ hasiera-hasieratik agertu zen poloak sortzearen kontra. Aralarrek, bestalde, ezkerreko indar abertzaleak batzearen alde hitz egin izan du beti, baina horren aurretik ETAren jarduerak eten egin behar duela esan izan du.
Bien bitartean, Eusko Alkartasunak eta ezker abertzaleak ez diote elkarlanari utzi, eta gaur ikusi da ondorioa. Ezker abertzaleak bide politiko eta baketsuen aldeko hautua egin izanak ere erraztu du akordio estrategiko hori. Izan ere, aurretik ere fruituak ematear egon izan da elkarlana, baina azken unean zapuztu egin dira asmoak. Hala gertatu zen, esate baterako, ETAk Azpeitian Inazio Uria enpresaburua tiroz hil zuenean. Elkarkidetza nahiko aurreratuta zegoen orduan, eta loratzera zihoala zirudien, baina atentatuaren ostean EA atzera egitera behartuta sentitu zen.
Azpeitiko udal gobernua desegitea ere ekarri zuen atentatu hark, polo subiranista izan zitekeenaren lagin txiki bat zen udal gobernu hura. Ezker abertzaleak zeukan alkatetza, EAren eta Aralarren babesarekin, baina atentatuaren ostean gobernutik atera ziren azken bi alderdiak. EAJk aurkeztutako zentsura mozioa onartu zuen, gainera, EAk. "EA eta EAE-ANV ildo abertzale eta aurrerakoian udal gobernuan elkarrekin egiten ari ziren lana hankaz gora botatzearen erantzukizuna" ETAri egotzi zion EAk.
Aurretik, ondo
Hilabete lehenago nabarmena zen bi alderdien arteko harmonia. Azaroaren 12an prentsaurreko bat eman zuten, bakoitzak bere aldetik. Espainiako Estatuari "demokratikoki aurre egiteko" eta burujabetzaren defentsa bururaino eramateko "ausardia" nahikorik ez izatea egotzi zion EAk EAJri, eta, beraz, Jaurlaritzako hauteskundeetara bakarrik aurkeztuko zirela jakinarazi zuten. "Burujabetzaren aldeko mugimendu erraldoia" sortzearen alde ere hitz egin zuen.
EAren erabakia Euskal Herriarentzat "ona" dela esan zuen, bestalde, ezker abertzaleak. EAk "burujabetzaren aldeko bloke bat" osatzeko beharra plazaratu izana txalotu zuen, eta bide horrek elkarlanerako aukera ekar dezakeela aurreratu. "EAren apustua serioa eta zintzoa bada, beti izango du ezker abertzalea aldamenean, lanerako prest".
Orduan ez zuen fruiturik eman elkarlan horrek, baina urteetako harremanaren ondoren, orain hasi dira emaitzak ikusten. Emaitzetako bat da bi alderdiek joan zen astean Nafarroan egindako bilera. Hainbat gaitan dituzten "desadostasunak" alboratu, eta etorkizunari begira ildo bateratuak lantzeko konpromisoa hartu zuten Iruñean egindako batzarrean. Gaur aurkeztu duten hitzarmena, bide horretan urrats kualitatiboa izango da.
Azken hilabeteetako adierazpenak
- EAk iazko azaroaren 21ean Eusko Alkartasunaren oinarrizko proposamena Euskal Herriaren independentziaren aldeko akordio subiranista bat sustatzeko agiria aurkeztu zuen.
- Ezker abertzaleak aurtengo otsailaren 14an barne eztabaida bukatutzat jo eta Zutik Euskal Herria adierazpena aurkeztu zuen.
- Ezker abertzaleak aurtengo apirilaren 24an Ondorioetatik, bidea eta urratsak. Ezker Abertzalea, abian adierazpena argitaratu zuen.
Lizarratik Euskaldunara
EAk eta ezker abertzaleak urteetan izan duten harremanaren ondorioa da gaur Euskaldunan aurkeztu eta sinatu duten elkarlanerako hitzarmen estrategikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu