Elkarrizketa (2004-04-07)

Loren Arkotxa: «Soroa landuta dago, eta, beraz, oso landare onak izango ditugu»

2004ko apirilaren 19a
17:25
Entzun
Aitziber Laskibar

Espetxeko ataritik «baina kanpokaldetik» erantzun die Arkotxak Berriaren galderei, urduritasuna ezin ezkutaturik.

Nola sentitzen zara askatu berritan?

Oso pozik nago. Etxeko asko etorri dira eta oraindik lehen uneko emozioan murgilduta nago.

Nola bizi izan duzu ia urtebeteko espetxealdia?

Espetxea txarra da, gogorra, eta gainera, egoera egunetik egunera okertzen ari da. Egungo espetxeetako egoera hain da larria eta tentsionatua, lehertzear dagoela.

Zergatik espetxeratu zintuzten?

Ez dute onartzen nazio eraikuntzan lan egitea, eta hori neutralizatu nahi dute. Horregatik sartu gintuzten kartzelara: haientzako bekaturik handiena Euskal Herriaren nazio eraikuntzaren alde lan egitea delako.

Eta zergaitik utzi zaituzte aske?

Bulkadaka jokatzen dute. Orain ni eta beste hiru kide ateratzea erabaki dute, baina ez dut uste erabaki horretan eragin politikorik dagoenik. Madrilgo Gobernu aldaketak ez du inolako zerikusirik; epailearen prozedura arrunta da. Besteak, momentu egokia iruditzen zaienean aterako dituzte.

Udalbiltza auziagatik espetxeratutako beste zazpi espetxean geratuko dira.

Injustizia ikaragarria da lagun haiek espetxean edukitzea Euskal Herriaren alde buru belarri lanean aritzeagatik. Espetxean sartu gintuzten guztiok arrazoi berdinagatik eraman gintuzten; denok ipini dugu gure maitasuna, lana eta sakrifizioa Euskal Herriaren alde. Euskal Herriaren egia maitasunez defendatzearren hainbat lagun dituzte espetxeetan. Dena dela, gure artean oso ondo gaude animoz.

Soroa landuta dago eta, beraz, oso landare onak aterako direlakoan nago.

Beraz, baikorra zara egungo egoera politikoarekiko?

Egoera politikoa oso baikorra da, baina hankak lurrean ipinita aritu behar dugu. Ezin dugu oporrik hartu, lan asko dugulako egiteko. Baina jakin behar dugu egoera oso puntu onean ipini dugula. Lana dugu, baina ilusioz egiteko lana.

Zein mezu emango zenioke euskal gizarteari?

Animoa, baikortasuna eta konpromisoa. Denok hartu behar dugu konpromisoa, hau denon lana delako. Historian zehar milioika euskal herritarrek asko sofritu dute orain gauden egoerara heltzeko, gu kate horren maila bat gara. Eta amaiera ona izango badugu, lana egin behar dugu, ilusioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.