Etorkizunera begira jartzeko ariketa egiten ari dira gaur Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresuko hizlariak: gure mendeak komunikabideei ezarri dizkien erronkak aztertu dituzte, eta erronka horiei aurre egiteko bide posible batzuk iradoki ere bai. Bakoitzak bere esparrutik; bakoitzak bere eremuan dituzten bereizgarriei so, baina, oro har, euskarazko kazetaritzak dituen jomuga eta eginbeharrak begibistatik heldu gabe.
Bingen Zubiria ETBko zuzendariak aurkeztu du lehendabiziko ponentzia , hain justu, EITB taldeak mende honetan dituen jomugak aletzeko. Ondoren, 'Berria' argitartzen duen EKT taldeko idazkari Joan Mari Larrartek hartu du hitza, eta EKTk komunikazio talde gisa dituen erronkei eta oinarriei buruzkoa izan da haren ponentzia.
Tokian tokiko komunikazio ereduen ingurukoak izan dira hurrengo bi ponentziak: hain justu, lekuan lekuko komunikabideek informazioaren gizartean duten kokapen eta etorkizunari buruzkoa izan da Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariaren ekarpena. Bide bertsutik, irrati txikien lekukotasuna heldu da Ipar Euskal Herriko Euskal Irratien koordinatzaile Naroa Gorostiagaren eta Iruñeko Euskalerria Irratiko zuzendari Mikel Bujandaren eskutik.
Goizeko saioa amaitzeko, aldizkarigintzari heldu zaio: 'Argia'-ko zuzendari Xabier Letonak 'Argia, lehen astekari nazionala, geroa lantzen' ponentzia aurkeztu du.
Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresua
Mende honetako erronkak komunikabide eredu eta euskarri diferenteen begietatik
'XXI. mendeko kazetaritza' da gaurko gaia Kongresuan, eta hainbat komunikabide eredu zein euskarritatik heldu diote gaiari. Hain zuzen ere, telebista, irratia zein prentsaren esparruetatik egindako ekarpenak izan dira, eta, halaber, lekuan lekuko zein nazio eremu osoa hartzen duten komunikabideetatik egindakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu