Gehien saldutakoak. Bigarren urtez jarraian, Peugeotek saldu ditu gehien Hego Euskal Herrian, 4.104 autorekin. Edonola ere, merkatuko liderrak ez dio ihes egin joera orokorrari, %5 txikitu baititu bere salmentak. Talde bereko bat du atzetik, Opel: 2016ko eta 2017ko liderrak 3.806 auto saldu ditu, %10,1 gutxiago.
Irabazleak. Marka gutxi batzuek lortu dute 2019. urtea zenbaki positiboetan amaitzea. Haien artean nabarmendu da Dacia errumaniarra, Renault taldekoa. Bere auto merkeei esker, %13,5 igo ditu salmentak, eta bigarren urtez sartu da gehien saldutako hamarren artean. Talde horretara itzuli da Citroen (+%14,7). Hyundaik %1,1 egin du gora, eta Mazdak, berriz, %2,1.
Galtzaileak. Urte txarra izan da askorentzat, baina bereziki Fiatentzat: %45,2 gutxiago saldu ditu, eta gehien saldutakoen artean hamargarrena izatetik hamabosgarrena izatera igaro da. Jaitsiera handia izan du Nissanek ere (-%21,3), haren Qashqai modeloak zabaldu zuen arren SUVen moda. Urte kaskarra izan da alemaniarrentzat ere: Audik salmenten %31,7 galdu ditu, Volkswagenek %11,2, BMWk %8,5 eta Mercedesek %6,5.
Berezitasunak. Merkatuaren joera orokorrak gorabehera, kontzesionarioen indarrak badute zeresana salmentetan. Horrek azal dezake lurralde bakoitzean liderra desberdina izatea: Seat, Bizkaian; Ford, Gipuzkoan; Peugeot, Nafarroan; eta Hyundai, Araban.