Mexikoko Auzitegi Gorenak argi berdea eman zion atzo sei euskal preso Espainiaratzeko eskaerari. Jon Artola, Axun Gorrotxategi, Asier Arronategi, Ernesto Alberdi, Felix Garzia eta Jose Mari Urkijo bi hilabeteko epean utziko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku. 2003an Baltasar Garzon epaileak eginiko estradizio eskaerari defentsak jarritako helegitea atzera bota dutela-eta Espainiaratuko dituzte 2003tik Mexikon preso dituzten sei euskal herritarrak.
Sei errefuxiatuak urte horretako uztailean atxilotu zituzten, Garzonen estradizio eskaera oinarri hartuta. ETAren finantziazio sarearekin lotura izatea egotzi zien epaileak; Gorrotxategi izan ezik ÐSanta Marta Acatitlan espetxean sartu zuten presoÐ Reclusorio Norte kartzelan izan dituzten urteotan guztietan preso. Urtebete geroago estradizioaren alde egin zuen Cesar Flores epaileak. Erabakiari defentsak jarritako babes helegitea atzera bota du orain Gorte Gorenak.Estradizioaren alde Guillermo Ortiz Mayagoitia epaileak eginiko txostena ezagututa hartu zuten erabakia Gorte Goreneko 11 magistratuek. Defentsek aurkeztutako 19 argudioak banan bana aztertu zituzten eta gehienak aho batez bota zituzten atzera, Espainian torturatzen dela zioena kasu. Ez beste batzuk. Espainia-Mexiko Estradizio Itunak Mexikoko Konstituzioa urratzen duela argudiatu zuen defentsak; aurkako botoa eman zuten zortzi magistratuk, eta defentsak argudiatutakoaren aldekoa beste hiruk. Halaber, estradizioak sei presoak ideia politikoengatik zigortzeko xedea zuela iritzi zion epaileetako batek bere botoaz. Azken hiru urteotan defentsak auzian irregulartasun ugari izan direla salatu izan du, baita estradizioen alde egiteko Espainiatik «presio ugari» jaso direla ere. Salaketa hori bere egin, eta estradizioen aurka azaldu dira Mexikon politika zein kulturaren alorreko pertsona ezagun ugari. Estradizioen aurkako mobilizazioak eta ekimenak ere asko izan dira.Barbara Zamora defentsako abokatuak azaldu zuenez, Mexikon jada ez dago erabakiari helegitea jartzerik. Hala ere, Espainiaratzeak gauzatzeko 60 eguneko epeak auzia nazioarteko instantzietara eramateko tartea ematen duela adierazi zuen.
Batasunaren deia PSOEri
Askatasunak «euskal iheslari politikoen kolektiboa kriminalizatzeko erabakia» gogor salatu zuen atzo, ohar baten bidez. Erabakiarekin, Mexikoko agintariak gatazka gainditzeko pausoak emateko prest ez daudela frogatu dela uste du Askatasunak. Mexikotik, 1995tik hona, 26 euskal herritar kanporatu dituztela, eta Madrilen esku utzi ostean askok torturak salatu dituztela gogoratu zuen ere.
Batasunak ere salatu zuen Mexikoko Gorte Gorenaren erabaki «onartezina». Oinarrizko eskubideak urratzeaz gain, konponbideari laguntzen ez dion erabakitzat jo zuen, Mexikoko agintarien jarrera salatzearekin batera. PSOEri ere dei egin zion Batasunak: atzerrian, erbestean, errefuxiatuta dauden euskal herritarren aurkako neurri errepresiboak albora ditzala eskatu zion. Espainiako Gobernuko presidenteorde Maria Teresa Fernandez de la Vegak, berriz, «normaltzat» jo zuen «uneotan» estradizioak ematea. «Erabakiak ez du ezer berezia. Estradizio batzuk orain eman dira eta beste batzuk lehenago». Estradizioen izaera judiziala azpimarratu, eta nazioarteko lankidetzaren «funtzionamendu normaltzat» jo zituen.
2006-04-08
Mexikon dituzten sei euskal presoak Espainiaratzea ebatzi du auzitegiak (2006-04-08)
stradizio eskaerak aurrera eginda, bi hilabeteko epean Auzitegi Nazionalaren esku utziko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu