Emilio Mola 1887an jaio zen, Placetasen (Kuba), eta Toledoko Akademia Militarrean (Espainia) ikasi zuen; laster egin zuen gora armadan. 1927rako jeneral karguan zen. Baina Sanjurjo jeneralaren estatu kolpearekin lotura zuelakoan, erreserbara bidali zuten. Bi urte egin zituen Molak zigortuta, baina, tarte hori igarota, armadako zuzendaritzan sartu zen berriz ere.
1935eko abuztuan, Marokora bidali zuten, eta, gutxira, hango indarren buru izendatu. Ordurako harreman estua zuen Fancisco Franco jeneralarekin. Armadako hainbat buruzagi elkarrengandik urruntzea izan zen 36an boterera heldu zen Fronte Popularraren gobernuaren lehen erabakia, tartean Mola bera. Azken hori Iruñera bidali zuten, era horretan konspirazioak etengo zituztelakoan. Kontrakoa lortu zuten.
Molarekin harremanetan jarri ziren karlistak, eta mugimenduaren babesa eskuratu zuen jeneralak. Kolpea jo zutenean, Mola zen Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako eta Espainiako Santander, Burgos, Errioxa eta Palenciako agintari militar goren izatekoa. Arerioa ezabatzeko aginduak eman zituen helburu horrekin. Kolpea gerra bihurtu zenean, lurraldeon konkistari ekin zion. 1937ko ekainaren 3an izandako abioi istripu batean hil zen, Bilboren konkista ikusi gabe. Francok libre zuen matxinatuen buruzagi gorena bihurtzeko bidea.