Dotrina moralari garrantzia handia eman dio Joan Paulo II.ak bere agintealdian, batik bat, sexualitatearen eta azken urteetako teknologia berriek bizitzaren inguruan sorrarazi dituzten aukeren irizpideei buruzkoei. Besteak beste, homosexualitatea, emakumeen askatzea, ernalketa artifiziala eta eutanasia izan ditu dotrinagai. Mendebaldeko gizartean eztabaida piztu duten arauak eman ditu sarri, sektore kontserbadoreenekin lerratuz. Hona hemen, gai horiei egin dituen aipamenetako batzuk:
Homosexualen arteko ezkontza. «Politikari katolikoen esku dago homosexualen arteko ezkontzen aldeko lege proiektuak atzera botatzea eta kristautasunak agintzen duen bidea jarraitzea».
«Elizak ezkontzari buruz irakasten duena kultura guztiek onartutako zerbait da. Ezkontza ez da bi pertsonen arteko nolanahiko lotura. Jainkoak sortutako zerbait da. Beste ideologiek ezin dute ukatu ezkontza sexu desberdinetako bi pertsonen arteko batasuna denik».
Antisorgailuak eta abortua. «Abortuaren kasuan, familiak erabakitako heriotza dela jakitea da larriena».
Eutanasia. «Abortua eta eutanasia bizitzeko eskubidearen aurkako ekintzak dira. Ez da ahaztu behar eskubide horretan oinarritzen direla gizakiaren beste oinarrizko eskubide guztiak».
Ernalketa artifiziala. «Ernalketa artifizialerako teknikak umekia hiltzeko sistema berriak sortzeko erabiltzen dira askotan. Baina horretarako erabiltzen ez direnean ere, ezin dira onartu. Bizi berriak sortzea gizon-emakumeen erantzunkizuna bakarrik delako eta horrelako teknikek harreman horiek alferrekoak bihurtzen ditu».
Izatezkoa bikoteak. «Izatezko bikote deitzen zaie ezkondu ez eta elkarrekin bizitzen jartzen diren bikoteei. Horiek ezkontza atzeratu ez ezik, ukatu ere egiten dute kasu akotan eta horrek ondorio larriak izan ohi ditu».
Dibortzioa. «Ezkontideak independenteak izan daitezkeenaren ustea okerra da. Ideia horretan oinarritzen dira egun dibortziatzen diren miloika lagunak. Askotan pertsona horiek dibortzioaren bitartez lortu nahi dutena ez da bikotekidearen ongizatea, norberaren helburu egoistak baizik. Askatasunaren ideia okerra da hori. Gure lana da ezkontza betirakoa dela dioen ideia zabaltzea. Azken urteotan, bestalde, behin ezkondu den bikote baten eta dibortziatu ostean, berriz ezkondu den beste bikote baten arteko desberdintasunak nabarmentzen dituzten tesi ugari kaleratu dira».
Erlijioa
Moral estuaren aldarrikatzaile
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu