Gipuzkoa izan da lehen euskal lurraldea ibilgailu astunei ordainsari berezi bat ezartzen, baina baliteke azkena ez izatea. Nafarroako Gobernuak ere bidesariak jarri nahi dizkie kamioiei, argudiatuta haiek direla errepideak gehien kaltetzen dituzten ibilgailuak. Bost bidetan jartzeko aukera aztertzen da: N-121 (Endarlatsa-Iruñea), A-1 (Ziordia-Etsegarate), A-10 (Irurtzun-Altsasu), A-15 (Irurtzun-Gipuzkoako muga), eta A-68 (Castejon-Cortes).
Urratsa eginez gero, oso litekeena da bidesari horiek ere auzitegietan bukatzea. Izan ere, Tradisna Nafarroako garraio enpresen patronalak (Fenasdimerreko kidea) oso gogor salatu du bidesariak jartzeko aukera. «Baztertzailea da, bidegabea eta errealitatetik kanpokoa, garraioak neurri handian laguntzen duelako estatuaren finantzaketari ordaintzen dituen zergen bitartez». Haren iritziz, garraiolariek ez ezik, Nafarroako enpresek ordainduko dituzte bidesariak, «logikoki, haien produktuak garestituko direlako». Bidesariak ezartzekotan, ibilgailu guztiei ezartzea hobetsio luke Tradisnak, haiek ere kutsatzen dutelako eta errepideak hondatzen dituztelako. «Baina badirudi kamioiak direla dirua bizkor eta erraz biltzeko baliabide nagusia».