Navalen etorkizuna

Navalen etorkizunarekin kezkatuta jarraitzen dute EAJ, PSE-EE, Batasuna, EA eta EBko ordezkariek

2004ko urriaren 15a
11:22
Entzun
SEPI Espainiako enpresa publikoen taldeak atzo proposamen berria egin zuen arren, Sestaoko (Bizkaia) Naval ontziolaren etorkizunarekin kezkatuta segitzen dute Euskadi Irratiko politikarien solasaldian parte hartzen duten EAJ, PSE-EE, Batasuna, EA eta EBko ordezkariek. Hain zuzen ere, ez dute uste SEPIren plan berriak Navalen etorkizuna guztiz bermatzen duenik.

EAJko Markel Olano, Batasuneko Pernando Barrena eta EAko Sabin Intxaurraga dira SEPIren proposamen berriaren harira Navalen etorkizunarekin ezkorren agertu direnak. Izan ere, ez dute uste Espainiako enpresa publikoen kudeaketarako elkarteak aurkeztu duen plan berriak funtsezko aldaketarik ekarri duenik.

Esaterako, Olanoren iduriko, proposamen berria "makilaia saioa" baino ez da. "Makilaia tresna batzuk erabili badira ere, oinarri-oinarriko kontuak ez dira aldatu; Naval nagusiki arlo pribatuan mantentzen jarraitzen dute. Ez dut aldaketarik eta negoziazio borondaterik ikusten, makilaia ahalegina besterik ez", adierazi du. Ildo horretatik, Navalen porrotak PSOEri min politiko handia egin diezaiokeela iritzi dio EAJko ordezkariak, eta kalte hori saihestea dela "makilaia saioaren" helburua.

EAko Sabin Intxaurraga ere ezkor agertu da: "Laino beltzek hor jarraitzen dute; gauzak asko aldatzen ez badira, oso etorkizun beltza du Navalek", nabarmendu du.

Aurrekoen bide beretik Navalen etorkizunarekin oso kezkatuta agertu da Batasuneko Barrena; baina beste ikuspuntu bat jarri du mahai gainean: ontziolen sektorea estrategikoa izanik, haien kudeaketa Euskal Herrian egiteak duen garrantzia azpimarratu du. "Bi auzi daude: batetik, lanpostuen eta langileen eskubideetan oinarritutako irtenbide bat bilatzea, eta, bestetik, bideragarria eta estrategikoa izan behar duen sektore bat iraunaraztea. Bigarren horretarako garrantzia handia du ontziolak Madrilen edo hemen kudeatu, eta horretan ez da aurrerapenik egin", esan du.

EBko Mikel Arana eta PSE-EEko Ramon Etxezarreta ere kezkatuta agertu dira, baina zuhurrago. Areago, Aranak negoziatzeko borondatea sumatzen dio SEPIri, eta, hori dela eta, egokia iruditzen zaio irtenbide hobe baten zain egotea. "SEPIk atzo aurkeztutako soluzioa ez da aproposa, baina badago puntu positibo bat: hasierako planteamendua aldatu dutela. Beraz, behin aldatu badute, litekeena da bigarren batean berriro aldatzea. SEPIk eta PSOEk negoziatzeko borondatea badute, eta alde horretatik zain geratzeak merezi du", agertu du. Nolanahi ere, atzo aurkeztutako proposamena ez dela inola ere irtenbidea azpimarratu du, eta negoziazioa behartzeko derrigorrezkoa dela presio sozial eta sindikalarekin aurrera jarraitzea.

PSE-EEko Ramon Etxezarreta agertu da zuhurren. Esan duenez, ontziolaren birmoldaketak zuzenean eragiten dien sektoreen erreakzioen zain dago iritzi bat osatzeko. "Ez dakit SEPIren proposamen berriak argirik egiten duen Navalen etorkizun ziurra edukitzeko", adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.