erreakzioak

Nazioarteko estatuburuek Peresen irudia goratu dute

2016ko irailaren 28a
15:50
Entzun

Nazioarteko estatuburuek Shimon Peres Israelgo presidente eta lehen ministro ohia omendu dute. Bat etorri dira haren irudia goratzeko orduan, eta urte luzez Peresek "bakearen alde" egindako lana txalotu dute.

Barack Obama AEBetako presidenteak hitzeman du israeldarren eta palestinarren arteko bake akordioa sustatuko duela, "Simon Peresen irudiaren ordainetan". Obama esker oneko mintzatu da, Peres "lagun gisa" deskribatu ahal izan duelako. "Bere irudia omentzeko egin diezaiokegun omenaldirik handiena da berak sinesten zuen bakearen aldeko konpromisoa indartzea", aldarrikatu du. "Israel oztopo handiak gainditzen ikusi zuen, eta agian horregatik Simonek inoiz ez zuen baztertu bakerako aukera, israeldarrak, palestinarrak eta Israelen mugakideak bakean bizi zitezen".

François Hollande Frantziako presidenteak deitoratu du Israelek "estatugizon ospetsuenetako" bat galdu duela. "Bakeak ere bere defendatzailerik sutsuena galdu du; Frantziak, lagun leiala". Gaur goizean kaleratutako komunikatuan Hollandek nabarmendu du Peres sinetsita zegoela palestinarrek eta israeldarrek "baliabideak eta teknologia" partekatu behar zituztela, eta bide berriak zabaldu behar zituztela bi herriak elkarrengana hurbiltzeko. "Joan den martxoan izandako elkarrizketan ikusi nuen bere ideiek berdin jarraitzen zutela".

Vladimir Putin Errusiako presidenteak ere atsekabea agertu du. "Gizaki zoragarri horrekin hitz egiteko zortea eduki dut. Beti miretsi izan dut bere ausardia eta abertzaletasuna, jakinduria eta zorroztasuna. Baita bere abilezia arazorik korapilatsuenetan ere sakontzeko". Putinek Moskuren eta Tel Aviven arteko harreman onak goraipatu ditu. "Gure herriak beti gogoratuko du egin zuen lana, Errusiaren eta Israelen arteko harremanak lagunartekoak izan zitezen. Bi herrialdeen arteko kooperazioa sendotu zuen".

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk nabarmendu du Peresek ez ziola "sekula utzi bakean sinesteari", eta azpimarratu du Israelek izan duen "lider handienetako bat" joan dela. "Isarelen segurtasunaren alde egindako guztiarekin batera, Peresek sekula ez zion utzi arraun egiteari bakera iristeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.