Izaskun Etxetxipia Goiburu (Tolosa, 1940), mediku hematologoa da. Iruñean ikasi zuen medikuntza, emakumeak bakan zirenean unibertsitatean ikasle. Joxe Migel Zeberio izan zuen senarra, eta sei seme-alaba izan zituzten, "zeberiotarrak" musikan. Migel, Et Inkarnatus kamera orkestraren zuzendaria; Juantxo, bere bidean ez ezik Benito Lertxundiren ondoan ikusi ohi duguna; Xabi, Oskorri kidea; Mirentxu, biolin barrokoa jotzen duena. Tartean dira Pello —abokatu Bartzelonan—, eta Izaskun medikua, New Yorketik etorri berri.
Euskaldunak eta euskaltzaleak, errotik. "Izebak, karlista izanagatik ere, euskaraz mintzatzen zitzaizkidan. Beste etxe askotan Tolosan, ez zen horrelakorik. Iruñera joan nintzenean, tutik ere ez euskaraz. Han, 'Izaskun' esan, eta Japongo izena zela uste zuten! Mutilarekin hasi nintzenean, euskara landu genuen. Joseba Intxausti izan genuen irakasle, eta Emeterio Zaldibia…". Musika eta kultura zaleak. Donostiako jazza eta musika hamabostaldia. Bidaiak Ingalaterrara, New Yorkera, Nepalera. Mendizaletasuna. Etxeko lana eta kanpokoa. Ekina…
Gauza asko, eta bakardadea. "Senarra falta dut. Senarra ez ezik, laguna ere banuen, proiektu asko egin genituen elkarrekin. 2000. urtean hil zen, uztailaren bukaeran, Ondarretako hondartzan… Ez al da zoragarria! Hura Jainkoen oparia izan zen, pertsona pribilegiatuek beste inork ez duena! Ospitalean hil? Ezta pentsatu ere! Gure gizarteak ez du heriotza begien bistan ikusi nahi, eta, aldiz, hortxe dago beti heriotza. Tanatorioen kontrako militantea izango naiz noizbait. Mende honetako negozioa iruditzen zait. Jendeak uste okerrak ditu horren inguruan, galarazita dagoela eta hau eta hura. Ez dago galarazita! Ez dago izurrite arriskurik!... Niri dagokidanez, lurpean sar nazaten aginduta daukat".